Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txaloen aurretik

2022/10/13
"Baina, zeri ari natzaio txaloka, orduan? Izan zitekeen ehundaka ahoren isiltasun erneari. Ahots fin bat frontoi osoan zehar zabal dadin egiten zaion bideari. Aste betez buruan bueltaka ibilitako agurrari, eta minutu erdi lehenago pentsatutakoari... ". Leire Vargas Nietoren gogoeta dugu aste honetan irakurgai.

Uste dut Bertsolari Txapelketa Nagusia hasi zenetik ez dudala egun bakarrik igaro Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan pentsatu barik. Bai, duela bost urteko Leire, zortziko txikiaren definizio bat ahots-dardararik gabe emateko gai izango ez zinatekeen hori, ondo entzun duzu. Zeinek esango zizun hurrengo bost urteetan tartea izango zenuela ustez bertsozaletzeko, bertsolaritzatzat zeneukan hori bertsolaritzaren sektore bat baino ez zela ohartzeko, gainontzeko sektoreetatik itzulitxo bat egin eta gehienetatik espantuka ihes egiteko, bertso-munduaz hezkuntza arautuko eskoletan ohi zinen baino are sakonago nazkatzeko, eta hala ere bertara itzultzeko berriz. Eta berriz. Eta berriz. (Eta halako batean irrati-elkarrizketa batean zaude bertso-emanaldi baten inguruan berbetan, eta halako batean bertso-emanaldi bat oholtzaratzen ari zara! Zuk zeuk hein batean edo, inoiz, goitik behera sortutako bertsoekin! Edo bat-batean bertsotan. Eta jendea zuri begira. Baina beste kapitulu bat da hori. Ez gaude hemen zutaz, edo nitaz, hitz egiteko).

Ezer gutxi dakit Bertsolari Txapelketa Nagusiaz. Aurten ari naiz lehenengoz bizitzen nire egunerokotasunarekiko paraleloki eta ratio erlatiboki txikian gertatzen den edozer baino era hurbilekoagoan. (Hara, zeure buruaz ari zara berriz!). Behin honaino iritsita eta neure burua ezagututa ez dut uste inoiz sentituko dudanik bertsolaritzaz dakidanik. (Begira, honegatik ari naiz lehen pertsonan. Pozik?). Baina, tira, zer da jakintza, zer da ezagutza, non dago jakitearen eta ez jakitearen arteko muga. Uste dut Egañak zioela bertsolariak denari buruz jakin behar duela apur bat. Apustu badaudela bertsolari batzuk bere buruari jakintza apur hori ere nekez aitortzen diotenak. Apustu neuk ere asma dezakedala, grosso modo, zeintzuk diren.

Nolabait eta nik inork baino gutxiago espero nuen eran bukatu baitut hemen korapilatua, ezezagunak oholtzan ikusiz gozatzen, lagunak oholtzan ikusiz gozatzen, oholtzan lagunekin sufritzen, oholtzan ezezagunekin gozatzen, eta tarteko konbinazio guztiak.

Bada, niri atari hau eman didate eta pentsatu nahi dut horrek esan gura duela inork ezagutu nahi duela nire iritzirik. Eta, gaur-gaurkoz horretarako zer pertsona(ia)-kategoriatan (poeta amateur, NGP, sasibertsolari, protoitzultzaile…) sartuko ote ninduten jakitearen faltan, niretik idatziko dut, asko-asko ezer gutxiren inguruan dakien nor desegituratu honetatik. Nolabait eta nik inork baino gutxiago espero nuen eran bukatu baitut hemen korapilatua, ezezagunak oholtzan ikusiz gozatzen, lagunak oholtzan ikusiz gozatzen, oholtzan lagunekin sufritzen, oholtzan ezezagunekin gozatzen, eta tarteko konbinazio guztiak. Azken urteetan lagunak ikusi ditut mikro atzean jausten, jausi izan naiz lagunek jaso zutena baino puntuazio altuagoa edukiko zutelako ilusioan, eta txalo egin dut malkotan, txalo egin dut haserre, txalo egin dut sututa, minduta, asperturik. Txalo egin bitartean, gorrotatu izan dut lehia lehen lerroan jartzen duen sistema hori. Gorrotatu izan gaitut gu, emaitzari behar baino gehiago begiratzearren.

Baina, zeri ari natzaio txaloka, orduan?

Izan zitekeen ehundaka ahoren isiltasun erneari. Ahots fin bat frontoi osoan zehar zabal dadin egiten zaion bideari. Aste betez buruan bueltaka ibilitako agurrari, eta minutu erdi lehenago pentsatutakoari. Errima mugagabea puntuan kokatzeko proposatzen den egitura berri perfektuari. Besteren oinetakoak janzten dituen bertsolariari eta bereei kolorea aldatzen dienari. Behetik gorako umorez aurpegian irribarre bat iltzatzen digunari. Eta sortzen duen azkurari. Aurreko astean albistegiak kontatutakoa neurritan sartzen ausartu denari. Zu ezagutu gabe zuri buruz hitz egiten duenari. Akastuna izanagatik beti gogoratuko duzun bertsoari. Emaitzarekin harri eta zur geratutako artistaren barreari. Oholtza gaineko aulkitik aulkira entseatutako pseudobesarkadei. Saioan zehar aurkitu duzun begirada konplizeari. Saioetan baino ikusten ez dituzun lagunei eta saio guztietan ikusten dituzun ezezagunei. Bertsolari kopetilunekin amesten duten gai-jartzaileei eta neurtezina neurtzen saiatzen diren epaileei. Ados ez nagoenean ere. Lau urterik behin artean bertsolaritza existitzen zela ere erdi-ahaztuta zeukaten milaka laguni tokia atontzeko hilabeteetan lanean aritu diren guztiei. Txapelketa eta txapelketa artean honek zentzua eduki dezan egunero-egunero bertsoari ematen diotenei.

Eta lagun batek “txapelketa” aipatzen dudanean zertaz ari naizen galdetzen didanean, une batez pentsatuko dut inbidia ematen didala, hobeto nengoela lehen, nire egoera emozionala nire antzeko subjektibitateen kontra dagoen sistema baten menpe jarri barik, eta askoz hobe genukeela jende guzti hau erakartzeko eta bertsolariak haien onenean aritzera motibatzeko beste biderik aurkitzea. Baina, egia esan, oraingoz, ez zait otutzen besterik.

Bien bitartean, hemen jarraituko dugu, lehia den porlanezko munstro erraldoi horren inguruan loratzen diren kima eta zuhaitzak ureztatzen. Handiago egin dezan bertsolaritza, handiago egin gaitzan gu, eta, ahal dela, ez alderantziz. Nori galdetzen diogun, hori guztia izango da txapelketa, eta hori baino ez. Biribil irregular batzuk udazken-egutegi batean. Milaka lagunen arnasa, aho bakar batek eutsia.