Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Oihana Iguaranek irabazi du Donibane Garaziko finalaurrekoa

2022/10/29
Sarrerak agortuta, 1350 lagun elkartu dira gaur Jai Alain; Oihana Iguaranek lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa jokatu da gaur Donibane Garaziko Jai Alain. 1350 bertsozale bildu dira bertan, sarrera guztiak agortu dira.

Zihara Enbeita Gardoki gai-emailearen atzetik sartu dira sei bertsolariak: Asier Azpiroz Iztueta, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Haritz Mujika Lasa eta Amets Arzallus Antia.

Seikotetik Oihana Iguaranek lortu du puntu gehien biltzea, 688,5. Horrela, finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela lortu du eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Gaurko saioan bigarren Amets Arzallus geratu da 688 punturekin; hirugarren, Nerea Elustondo 628 punturekin; laugarren Asier Azpiroz 616,5 punturekin; bosgarren Haritz Mujika 615 punturekin; eta seigarren Aitor Etxebarriazarraga 612 punturekin.

Finalaurrekoen lehenengo itzulian egin beharreko ariketak burutu dituzte bertsolariek gaur ere: zortziko handian eta txikian lehenengo, puntutan, seiko motza eta ganbarako lana azkenik: "Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena".

Ariketa horiek epaitzen, gaurkoan ere, hurrengo zazpikoa aritu da: Ainhoa Arregi ElosuaBakarne Urreaga EtxeberriaEkaitz Elorriaga AnduagaEneritz Azkue BasurkoJoseba Beltza BengoetxeaJoseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Hurrengoa, Irunen

Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 5ean izango da Irungo Ficoban, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.