Nerea Ibarzabalek irabazi du Gotaine-Irabarneko saioa
Gotaine-Irabarneko herriko gela goraino bete da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiaren saioan: 650 lagun bildu dira bertan. Aritz Bidegain Airek egin ditu saioaren gidari lanak, eta haren ondoan igo dira sei bertsolariak oholtzara, zozketak erabakitako ordenan: Eneko Lazkoz Martinez, Patxi Iriart Hiribarren, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Ibarzabal Salegi, Julio Soto Ezkurdia eta Ane Labaka Mayoz.
Ariketa puntuagarriak osatu ostean, Nerea Ibarzabal izan da puntu gehien batu dituen bertsolaria, 738 puntu. Haren atzetik sailkatu dira Oihana Iguaran (737,5), Ane Labaka (694,5), Julio Soto (691), Eneko Lazkoz (649,5) eta Patxi Iriart (604,5).
Horrela, Ibarzabalek Irungo finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 5ean, Sustrai Colina eta beste sailkatuekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Lehen fasea epaitzeko lana duten zazpikotea aritu da gaurkoan ere puntuazioa jartzen: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki aritu dira.
Zortziko nagusiko eta txikiko lanak amaituta, puntu erantzunak egin dituzte bertsolariek. Gero etorri dira hamarreko txikiko eta ganbarako ariketak. Hauxe, gaurko ganbararako Bidegainek jarritako gaia: Medikuaren kontsultatik irten berri zara. Telefonoa sakelatik atera duzu.
Bihar, Gasteizen
Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo saioa bihar izango da, igandean, Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. 17:00etan hasiko da saioa.
Biharko sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Txarteldegia 15:00etan zabalduko da.