Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionan jokatutako finalaurrekoa
Baionako Laugan izan da gaurkoan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa eta 2.000 bertsozaletik gora elkartu dira bertan. Gaurko saioa jokatuta, azken finalaurrekoa bakarrik geratzen da. Datorren larunbatean izango da Bilboko Bizkaia frontoian.
Ainhoa Larretxea Agirre gai-emailearen atzetik sartu dira bertsolariak aretora, zozketak erabakitako ordenan: Eñaut Martikorena Lizaso, Beñat Gaztelumendi Arandia, Nerea Ibarzabal Salegi, Unai Agirre Goia, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Julio Soto Ezkurdia. Seikoteak lan guztiak egin ondoren Nerea Ibarzabalek lortu du puntu gehien biltzea, 671,5 puntu. Hurrenez hurren, horrela geratu dira beste bostak: Sustrai Colina 668 punturekin, Beñat Gaztelumendi 656,5 punturekin, Julio Soto 643,5 punturekin, Unai Agirre 639,5 punturekin eta Eñaut Martikorena 584 punturekin.
Gaurkoan hurrengo ariketak egin dituzte bertsolariek: ofiziotan hamarreko txikian, zortziko handian eta zortziko txikian, eta ganbarako lanean bi puntu-erantzun eta bakarka hiruna bertso.
Epaile taldea hurrengoek osatu dute: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsoro eta Joxe Mari Altuna Berridi aritu dira.
Azkena, Bilbon
Gaurko saioa jokatuta, finalaurreko bakarra geratzen da abenduaren 18an Nafarroa Arenan jokatuko den finalaren aurretik. Datorren astean jokatuko da finalaurreko hori, abenduaren 3an Bilbon. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.