Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nazioarteko adituak finalean izango dira aurten ere

2022/11/30
Abenduaren 18an izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta bertako zaleez gain, nazioarteko ikertzaileek eta inprobisatzaileek ere jarraituko dute finala bertatik bertara.

Urteetan eraiki ditugun harremanen ondorioz, nazioarteko adituak izango dira abenduaren 18an Iruñean, Nafarroa Arenan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Ahozko kantu inprobisatuaren alorrean ekitaldi garrantzitsua da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta bereziki finalak ikusmin handia sortzen du hemen zein nazioartean.
Munduan badira bertsolaritzaren kasuan bezala hitzaren jolasa maite duten hainbat kantu inprobisatu, eta horiek ordezkatzen dituzten zenbait elkartetako kideak izango dira gure artean: Kataluniako Cor de Carxofa, Glosadors de Mallorca, Galiziako Proxecto Educativo Regueifesta, Madeirako Xarabanda eta Sardiniako cantadorien lana sustatzen duen Cordinamentu Artes Musicales et Poèticas de Tradizioni Orali de Sardigna elkarteetako kideak.

Horietako zenbait gonbidatu ezagunak ditugu jada gurean; esate baterako, 2016ko Europa bat-batean egitasmoan kantuan entzun genuen Maribel Servera glosalaria edota urteetan bertsolarien eta Sardiniako cantadorien zubi-lanak egiteko garaian paper garrantzitsua izan duen eta aurreko zenbait finaletan ere egon den Paulu Zedda. Halaber, azpimarratzekoa da Galiziako regueifaren eta bertsolaritzaren artean sortutako harremana, Bizkaiko Bertsozale Elkartetik eta Galiziako Proxecto Educativo Regueifesta ekimenetik bultzatzen den eta bi lurraldeetako ikastetxeetan garatzen den Regueibertso programari esker; Séchu Sende izango da Galiziako gonbidatuetako bat.

Ikertzaileak ere bai

Kantu inprobisatuan aditu zen John Miles Foley ikertzaileak Bertsolari ikus-entzunezkoan ere adierazi zuen bertsolaritzaren fenomenoaren bakantasuna: “Inoiz ez dut horrelakorik ikusi. 14.000 lagun horrelako emanaldi batean elkartuta, bertan egon behar dutenaren sentimenduak batuta, izan heldu, gazte, gizonezko edo emakume”. Ikertzaileen artean ere ikusmina sortzen du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalak.

Hala gurean izango dira aurten Korsikako kantu inprobisatua aztergai duen Giovanni Ragni, Brasilgo inprobisatzailea eta doktoregaia den Edmilson Ferreira, puntu kubatarrean aditu den Amaya Carricaburu edota bertsolaritzarekiko interes berezia duten Oviedoko Unibertsitateko Jesus Fernandez antropologoa eta Columbiako Unibertsitatetik datorren Rafael Yuste neurologoa, besteak beste.

Gainera, haiekin izango dira Nevadako Unibertsitateko Renoko Euskal Ikerguneko ordezkariak eta bertako unibertsitateko ikertzaileak, bertsolaritzarekin eta Bertsozale Elkartearekin harremana dutenak: Mondragon Unibertsitateko Jon Sarasua bertsolari eta ikertzailea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Alfredo Asiain ikertzailea edota UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria den eta bertsolaritza generotik ikertu izan duen Jone Miren Hernandez, adibidez.

Urte luzeetako lanaren fruitua

Urteotan ereindako haziek eta jasotako uztak duela zenbait hamarkada izan zuten abiapuntu. 90eko hamarkadan, munduan beste kantu inprobisatu batzuk bazeudela eta martxan hasi ziren Bertsozale Elkartean: Koldo Tapia orduko Bertsozale Elkarteko ordezkaria eta Andoni Egaña bertsolaria Mexikora joan ziren orduan, Veracruzera, kantu inprobisatuaren topaketa batera. Handik urte batzuetara Euskal Herrian antolatu zen Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa, 2003an. Bertsozale Elkartearen eskutik, jardunaldi akademikoak eta emanaldiak uztartu eta munduko bederatzi adierazpidetako ordezkariak elkartu ziren.

Handik urte batzuetara, eredu berari helduz, Europa bat-batean topaketak egin diren 2016an, Donostia 2016ren babesarekin.

Bi topaketa horien artean eta gaur egun arte, bertsolariak munduko hainbat txokotara joan izan dira, gurea erakutsi eta hangoak jasotzera: Mexiko, Sardinia, Zipre, Herrialde Katalanak…

Orain, Txapelketa Nagusiarekin, berriro batzeko aitzakia dugu. Hizkuntza erdaldunetakoak ere izango ditugu, beraz, finala adi-adi jarraitzen.