Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Nafarroa Arenarako, prest? Adi oharrei!

2022/12/10
Abenduaren 18a gainean da, eta Iruñeko Nafarroa Arenan elkartuko gara Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jarraitzeko. Aretora sartzerakoan zein barruan zaudenean aintzat hartu beharreko jarraibideak dituzu hauek.

Ate joka dugu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala eta egun horretarako hainbat ohar dituzu hemen eguna errazago eta erosoago pasatzeko. Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean finalaren egunean dena ondo atera dadin. Beraz, aretora sartzeko zein barruan, une oro atean zein barruan egongo diren antolakuntzako langileen jarraibideei jarraitzeko eskatuko dizugu.

 Aretora ezingo da objektu puntadunik (tartean, aterki handirik), beirarik, latarik, alkoholik edota sua eragin dezakeen materialik sartu.

Nafarroa Arenara sartzeko, hainbat ohar izan behar dira kontuan:

    • Entzule bakoitza dagokion eremura sartu beharko zarete, eta behin barruan, ezingo da eremu batetik bestera pasa.
    • Eremu bakoitzak bere sarbide propioa du: harmailetako A, B zein C ateak erabili beharko dira; pistarako Pista1 eta Pista3 sarrerak; eta erreboterako, A sarrera.
    • Eremu bakoitzeko eserlekuak ez dira zenbakituak.
    • Sarrera erakusterakoan, eskumuturreko bat jantziko dizute antolakuntzako kideek. Aurrerantzean, hori izango da egun osoan zehar sarrera gisara erabiliko dena. Ez kendu, beraz.
Behar bereziren bat bazenu, antolakuntzarekin harremanetan jartzea eskertuko genuke, txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidera idatzita
  • Aretora ezingo da objektu puntadunik (tartean, aterki handirik), beirarik, latarik, alkoholik edota sua eragin dezakeen materialik sartu. Objektu horiek ekartzekotan, eguerdirako behar dituzulako, Sadar estadioan jarriko den kontsignan gorde beharko dira. Estadioaren 24. Atearen ondoan egongo da kontsigna, eta 08:00etatik 11:30era bitarte utzi ahalko dira gauzak, eta goizeko saioa amaitutakoan jaso. Arratsaldean ez da kontsigna zerbitzua izango.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonek harmailaren eremutik segitu beharko dute saioa, eta C atea erabili beharko dute aretora sartzeko. Handik, antolakuntzako kideek lagunduko dituzte haien tokietara. Behar horiei erantzuteko, finala baino lehen antolakuntzarekin harremanetan jartzea eskertuko genuke, txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidera idatzita.

 

Aretoaren barruan

Lehen aipatu bezala, Bertsozale Elkartearen langileen eta laguntzaileen jarraibideei kasu egitea eskatuko dizugu. Ongi identifikatuta egongo dira, eta bertsozaleoi lagunduko dizuete saio hasieran, bitartean zein bukaeran. Lantaldearen zeregina gauzak ahalik eta hobekien joatea da, beraz, mesedez lagundu dezagun guztion artean argibideak segituz.

Nafarroa Arena barruan gaudenean ere, hainbat ohar hartu behar dira aintzat:

ORDUTEGIA:
Ateen irekiera: 9:00
Goizeko saioa: 11:00
Arratsaldeko ateen irekiera: 16:00
Arratsaldeko saioa: 17:00
  • Goizeko saioa 11:00etan hasiko da (ateak 09:00etan irekiko dira); arratsaldekoa, 17:00etan (ateen irekiera 16:00etan).
  • Aretoaren arkitekturak ez du pankarta edo antzekorik zintzilikatzea baimentzen, publikoaren ikusgarritasunean eragingo lukeelako.
  • Goizeko saioa amaitzen denean, Nafarroa Arena hustu egingo da. Bertsozale Elkartea ez da zentzu horretan gerta daitezkeen gaizki-ulertuen erantzule egingo, ezta lekua gordetzeko utz ditzakeen objektu pertsonalen arduradun egingo. Hala ere, goizean eta arratsaldean eserleku bera mantentzea gomendatzen dugu.

 

Aretoaren barruan, hainbat gune egongo dira:

  • Informazio gunea: A atearen ondoan egongo da. Edozein argibide behar baduzue, horra jo dezakezue.
  • Puntu morea: Informazio gunean bertan, A atearen ondoan. Bertsolari Txapelketa Nagusia eraso matxistarik gabeko bertsoaren festa izatea nahi dugu, eta saioan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko atonduko dugu puntu morea.
  • Tabernak: Solairu guztietan daude, bigarrenean salbu. Areto barruko tabernak irekita egongo dira saioan zehar.
  • Erretzeko gunea: Pista3 atean ondoan eta A eta C ateen kanpoaldean egongo dira.
  • Komunak: Solairu guztietan daude.
  • Haur Txokoa: -1 solairuan dago, pistako mailan. Kontuan izan handik ezingo dela saioa ikusi. Zerbitzu hau baliatzeko, gaur, abenduaren 10a da izena emateko azken eguna. Horretarako, txapelketanagusia@bertsozale.eus helbidera idatzi behar da.
  • Postuak: 0 solairuan hainbat elkartek eta erakundek jarritako postuak egongo dira.
  • Kontsigna: Nafarroa Arenara sartu ezin den objekturik ekartzekotan (ikus gorago agertzen den oharra), Sadar estadioan egongo da horiek uzteko kontsigna, estadioaren 24. Atearen ondoan. 08:00etatik 11:30era utzi ahal izango dira objektuak, eta goizeko saioa amaitutakoan jaso, arratsaldean ez baita zerbitzurik eskainiko.

 

Saioa amaitutakoan, lasaitasunez hustu

Eskertuko dugu zure ingurua ahalik eta txukunen uztea. Halaber, egin kasu antolakuntzako jarraibideei, jendea ahalik eta modu egokienean bideratzeko irteerara. Lasaitasunez hustu aretoa eta erabili gertuen duzuen atea.

Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusen kasuan, utzi zaituzten tokian egongo dira zain. Jende asko izango gara saiotik bueltan errepideetan; pazientzia eta kontuz ibili, beraz!