Maialen Lujanbio, 2017ko txapeldun
Iruñetik, Usurbildik, Arrasatetik, Aguraindik, Durangotik, goiztiarrenak Maule-Lextarretik… jatorri ugari baina helmuga bera izan dute gaurkoan bertsozaleek. Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) Bertsolari Txapelketa Nagusiaren erakustoki bilakatu da gaur, txapelketaren finalean, eta ateak 9:00etan zabaldu direnetik abiada bizian itxuraldatu da aretoa, eserlekuen gorriak bestelako koloreei ere leku eginez. Horrela, 14.600 lagun bildu diren arte.
11:00ak pasatxo hasi da saioa, Inazio Usarraldek bertsozaleari ongietorria emanda. Orainarteko bidea ekarri du gogora eta urte osoan Bertsozale Elkarteak babesle dituen erakundeak zein lanean izan diren hainbat bertso eskola eta bertsozaleren babesa eskertu du elkartearen izenean. Bertsolarien etorreraren iragarle izan da Paxkal Irigoienen doinua, Baigorrin hasi eta gaurdaino bide osoan lagun izan duguna. BECek zutik eta txaloka hartu ditu gai-jartzailea eta bertsolariak, oholtzarainoko bide luzea egin bitartean.
Maite Berriozabalek gidatu du goizeko saioa, finalistak zozketak erabakitako hurrenkeran bertsotan jarriz: Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze. Tartean ez ziren bertsozaleen txalo, animo eta "olatuak" falta.
Bazkaltzeko tartea izan dute zaleek 14:30etik aurrera. 6.pabiloira joan dira batzuk, han atondu baita jangela, bai bertan zerbitzua jaso dutenak zein otordua etxetik ekarri dutenak ere. Mintzola Terrazan izan diren gonbidatuak tarte hori baliatu dute taldeko argazkia oholtzan ateratzeko.
Mundu osoko bertsozaleak
Atzerriko 92 lagun izan dira gurean Mintzola Ahozko Lantegiak gonbidatuta, izen bereko Terrazan egokituta; besteak beste, gurean izan dira John Zemke, Missouriko Unibertsitateko Center for Studies in Oral Traditioneko egungo zuzendaria; Karin Barber, Birminghameko unibertsitateko antropologoa; edota Josep Vicent Frechina, Mediterraneoko herrietako musika eta kultura herrikoian espezializatutako ikertzailea. Haiekin batera beste kantu inprobisatuetako inprobisatzaileak eta atzerriko hedabideak ere izan dira bertsolaritza interesgune komuna izanik.
Euskararen lurraldea ordezkatzen duen administrazio publikoko ordezkaritza izan dugu palkoan: besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari eta bozeramailea, Maria Solana; edota Mixel Etchebest, Euskal Hirugune Elkargoko Lehendakari-ordea eta ekonomia arduraduna.
Gainera, elkarteak euskal kulturgintzan bidelagun izan dituen hainbat erakunde eta eragile ere izan dira gaur BECen.
Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio, buruz-burukoan
15:30ean zabaldu dira ateak arratsaldean, eta 16:30ean ekin zaio berriro ere saioari. Bazkalondoko kuluxka beharrik gabe, gogotsu itzuli da zalea eserlekura; ikus-entzulea, pantaila aurrera. Izan ere, Bertsoa.eus atarian zein ETB1en zuzen-zuzenean jarraitu ahal izan da saio osoa zuzenean, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi eta Ilaski Serranoren eskutik.
Hurrenkera berria egokitu zaie bertsolariei eta hala, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Sustrai Colina, Igor Elortza eta Aitor Mendiluze izan dira kantuan, Saroi Jauregiren aginduetara.
Zortzi bertsolarietatik buruz burukora sailkatu dira Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio eta haiei egokitu zaizkie azken ariketak. Epaimahai izan dira Ekaitz Elorriaga, Eneko Bidegain, Eneritz Azkue, Joseba Santxo, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda, eta idazkari lanetan aritu dira Nerea Goñi eta Joxemari Altuna. Azken txanparen ondotik, sailkapenaren berri eman du Joana Itzainak: Maialen Lujanbio izan da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna. Hernaniarraren bigarren txapela da, 2009an ere lortua baitzuen.
Irabazleari txapela jantzi aurretik, ordea, bestelako sariak ere izan dira finalistentzat: Dora Salazar, Jose Luis Zumeta, Koldobika Jauregi, Chari Goyeneche, Carmelo Ortiz de Elgea eta Marta Cardenas euskal sortzaileen artelanak eskuratu dituzte zortzigarrenetik hirugarrenerako sailkatuek. Txapeldunordeak Xabier Laka artistaren Eskutik Eskura artelana jaso du, azken edizioetan bigarren izandakoek eramana.
Bertsozale Elkartearen proiektuarekin lotura zuzena duten lau lagunen eskuetatik jaso dituzte sariok: Maribel Servera, Mallorcako glosadorea, munduan dauden kantu inprobisatuen ordezkari; Joxerra Garzia, bertsolaritzaren ikerkuntzan erreferente nagusietako bat; Jose Angel Irigaray, Ez Dok Amairuren garaietatik kulturgintzako erreferentzia eta elkartearen bidelagun aspalditik; eta Aroa Arrizubieta, 2017ko Eskolarteko txapelduna, transmisioaren erakusle.
Txapelketak historikoki Euskaltzaindiarekin duen lotura tarteko, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik Santxotena eskulturgilearen Bertsolari saria jaso du irabazleak. Eta, azkenik, saioa erabat biribiltzeko, Sebastian Lizasok jantzi dio txapela Lujanbiori, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari.
Plazera izan da! Eskerrik asko, bertsozale.
Txapeldunaren agurra:
Herri hau herri egin al dugu?
Ze eman du bizikidetzak?
Zenbat eman du euskalduntzeak?
Ez behar beste guretzat
berrogei urte ta garaia da
egurasteko ametsak
akaso hortan bertsolaritza
ona da adibidetzat
beti ez du goitik behera egiten
transmisioaren trentzak
guk behetik gora ikasi dugu
ta zabaldu muga ertzak
lehengoekin ta gaurkoengandik
txapel hau gerokoentzat!