Lehen finalaurrekoa jokatuko da bihar Elizondon
Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere bideari berrekingo dio asteburu honetan. Bihar izango da lehenengoa Elizondoko Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Ateak 16:00etan irekiko dira.
Kantuan Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia ariko dira; gai-emaile lanetan, berriz, Amaia Castorene Luro.
Elizondoko saiorako sarrerak, batetik, www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke; bestetik, Baztan pilotalekuko leihatilan bertan, 15:00etatik aurrera.
Fase aldaketarekin, bertsolariek egin beharreko lanak ere aldatu egingo dira. Honako lana egin beharko dute:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora.
Zuzeneko jarraipena Internetez zein telebistaz
Finalaurreko saioak zuzenean eskainiko dira www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan, baita ETB4n ere. 16:50etik aurrera, Ilaski Serranok eta Jon Martinek kontatuko digute Elizondon gertatzen ari dena. Bestalde, ohi bezala, igandean ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan eskainiko dira larunbateko bertsoaldi onenak; baita, www.bertsoa.eus atarian ere.