Kortxo puntari su
“Kortxo puntari eman metxeroakin su…”. Txapelketa Nagusi honek oparitu digun esaldietako bat. Bertso bukaera arrunt samar bat bikain bihurtzeko bidea. Hala aholkatu zion Maialen Lujanbiok Amets Arzallusi bere bizitzari buruzko filma egitekotan begitartea belztu egin beharko zuela bota zionean. Ez makilaje, ez pintura, ez UVA izpirik eta ez Benidormeko eguzkitan aste bete. Soiltasun ezinbestekoa da gurea. Baina soiltasun estetikoa ere bai. Daukagunarekin moldatu beste irtenbiderik ez duen jolasa da bat-bateko bertsoena.
Guztiok gara seme-alaba eta asko guraso. Eta guraso ez denak ere maiz izaten ditu haurrak inguruan. Familia edo lagunarte otordu osteetako klasiko bat da haurrak mahaira hurbildu eta metxero eskean hastea. Jolasean, begitartea belztu nahi izaten dute. Eta horretarako modurik errazen eta eskuragarriena helduek metxeroarekin kortxo puntari su eman ondoren, hozten utzi eta kortxoa margo -“aldarrikapen”, baldin bait ere hurrengo batean!- bihurtzea izaten da…
Adi entzun ditut Txapelketa Nagusi honetako saiorik gehienak. Eta ez dut begitartea belzteko arrazoirik aurkitu. Finalaurreetako maila izugarri altua iruditu zait. Baita finalekoa ere, aurreikuspenak aurreikuspen. Zortzigarren geratu zen bertsolariaren lanari erreparatu bestela. Bertsolariak prestatuta iristen dira lehiara. Esango nuke, prestakuntza moduak doitu egin direla garai batetik hona, eta horrek bertsogintzaren kalitateari onera eragin diola. Hitz eta errima berriz kargaturik, bestelako doinuak probatzeko asmoz, esateko gogoz eta bakoitza bere estilo propioa landuz sumatu ditut bertsolariak. Neure mamuak izango dira akaso, baina burutazioren batzuk izan ditut saioak entzuten ari naizela orain paperera ekarriko ditudanak. Bakarkako lanetan, ez al dago akitu samarra Habanera neurria? Zortzi zortzi-zortziko. Behin baino gehiagotan eragin izan dit “adreilu” efektua. Edo “inpresora” batena. Tarratata, tarratata, tarratata… eta bukatu! Norberak ertzak topatu ezean, -eta hori ez da batere lan samurra istorio bat osatzea eskatzen duten gaiekin- oso zurrun gerta daiteke hogeita hamar urte honetan nobedade punttua galtzen joan den egitura ezaguna. Iguaranek Xorieri mintzo zen doinuan, Colinak Izarren hautsan edo Bizkarrak bi puntu motz tartekatuz lortu duten arrakastak zerbait esan nahi du.
Teman berriz, zenbait unetan, “elkarrizketa” gehitxo sumatu dut. Badakit sakrilegio hutsa dela horrelako zerbait botatzea, beti esan izan dugunean teman elkarrizketa bat osatzea dela funtsezkoa. Baina norberak ere bota behar du berea. Norberak ere jo behar du, gaiak hala ahalbidetzen dionean. Eta irudipena daukat hortik herren pittinen bat egin ote dugun.
Akaso, “politikoki polita” kontzeptuari oso lotua dator aipaturiko joera hori. “Tasun” asko azaldu da eta “keria” gutxi. Kirol gaietan, esaterako. Aztertzekoa litzateke zenbateko onberatasuna azaldu duten bertsolariek, lehia bat edo kirol jardun bat proposatu zaien edo ateratzea erabaki duten garaian.
Baina nire mamu txikiak baino ez dira horiek. Txapelketa Nagusia oso ongi joan da bertsolarien lanari, antolatzaileenari, epaileenari, gaijartzaileenari… begira. Bertsozaleak bikain erantzun du. Puntuaketak diren sudoku askagaitz horrek ere balirudike begiak dituela kokotean. Fase bakoitzean ateetan geratu den bertsolariak izango du bere erremina eta pena, baina harritzekoa da nola Elkartearen laneko zehar lerro guztiek isla izan duten txapelketan: parekidetasunak, lurraldetasunak, adinartekotasunak…
Eta etorkizunari begira zer? Laurogeiko hamarraldiaren hasieran, bertso-eskolak sortu eta Bertsozale Elkartearen premia sumatu genuen sasoi hartan, bertsolaritza genuen kezkagai. Bertsolaritzaren iraupena bera. Ia berrogei urte joan diren honetan, bertsolaritzak aurrera egingo duela suma daiteke. Badugu antolakuntza gaitasun bat. Baditugu etorkizunerako bertsolari bikainak. Badugu berritzen doan bertsozalego leial bat eta ongi ehundurik daukagu eskolan bertsoa-bertso eskolak-plaza ibilbidea ere. Gure lehengaiak gehiago kezkatzen nau egun. Zein izango da euskararen egoera etorkizunean? Bertso-mugimenduak segi segiko du. Baina ez ote gara erdi euskaraz eta erdi erderaz mintzatuko den jendarte baten friki-zaletasun bihurtuko? Ez dakit… Ez nuke hain jendarte ezpaldurik desio. Eragiten segi beharko genuke etxean bezala atarian. Gure hizkuntzaren eta kulturaren ekosisteman, alegia.
Datorrena datorrela, gurea ez da kultur-industria. Gurea, hitzekin burutzen den jolas soila da. Ez dugu makilatu beharrik. Metxero bat eta kortxo mutur bat edukiz gero, jolasean segitzeko prest gaude.