Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Kantaerak dioena

2022/12/01
Maddi Soroa Navarrok kantaerari buruz idatzi du aste honetako adituen analisia.

Hitzek bere kabuz esaten dutenaz gain, zerbait gehiago esan dezake ahots batek? Zer? Ahotsak hitzari zerbait gehitzen al dio? Ba al da kentzen dion zerbait? Hitz berak berdin jasotzen al ditugu pertsona desberdinen ahotik? Edota ahots bereko hitzak baina testuinguru desberdinetan? Eta zenbat aldatu daiteke bertso bat irakurtzetik entzutera edo kantatzera?

Ahotsaren eta hitzaren arteko ekuazioari musika gehitzen zaionean, lehenengo biek elkarrekin duten komunikazio gaitasuna biderkatu egiten da. Beraz, musika horrek badu esateko, iristeko, gogoratzeko eta emozio zein egoeretan kokatzeko ahalmen berezia.

Doinuen eta hitzen osagaiak berdinak izanagatik ere, osagai horiek aurkezteko modu desberdin ugari daudela esan genezake; eta horretan datza, hain zuzen ere, kantaera.

Bertsolaritzak ongi frogatzen du hori, bere izanaren ezaugarri izanik aipatutako hirurak. Ahotsak berak, doinuek eta hitzek bezala, esateko hainbat modu onartzen ditu. Ahotsa da bat-bateko bertsolaritzan kantaerari forma ematen diona; hitza eta doinua modu uztartuan aurkezteko gai den bakarra. Hitza eta doinua ez baitira interpretatuko dituen ahotsik gabe. Doinuen eta hitzen osagaiak berdinak izanagatik ere, osagai horiek aurkezteko modu desberdin ugari daudela esan genezake; eta horretan datza, hain zuzen ere, kantaera. Nola interpretatu baina? Zeintzuk dira bertsolariek esparru horretan dituzten aukerak?

Aukerakoak eduki behar dira, ordea, aukeraketa hori posible egiteko. Bertsolariak horietako asko ditu eskura; eta badituela jakinik, edo jakin gabe, horien arabera aurkeztu ohi du nahitaez bertsoa. Aukerak aurrez lantzeak bere hautuaren erabilera kontzienteagoa ahalbideratuko lioke bertsolariari. Gainera, norberaren ahotsak zer dioen eta zer esan dezakeen jakiteak ahotsaren gaineko kontrol handiagoa emango lioke bertsolariari; eta aldi berean, erabilera eraginkorragoa bermatuko lioke. Askotariko erabilera eskura edukita, adierazkortasunaren arabera erabilera bat ala bestea gauzatuko luke horrela.

Musikaren arloan frogatuta dago ahotsa hezi daitekeen instrumentu bat dela. Hala izanagatik ere, ahots heziketa hori musikarenak ez diren beste helburu batzuetara egokitutakoa izan daiteke. Kasu honetan, bertsolarien beharretara egokitutako ahots lanketa bat antolatzea litzateke egokiena. Baina gainditu al dugu ikasiaren eta ez ikasiaren arteko eztabaida? Ala oraindik ba al du lekurik ika-mika horrek bertsolaritzan? Proposamen honen aurrean, susmoa daukat ez ote garen ezbaian geratzen bertsolariak lanketa horretatik jaso lezakeena baino gehiago, galduko lukeena zerrendatzen.

Galera horien zerrenda, agian, bertsolaritza bereak ez dituen arauen menpe jartzearen beldurretik abiatuko litzateke, kantaeran eraldaketa estetiko baten sorrera emanez, esaterako. Ba ote dago orduan, bertsoen kantaerari dagokionez, galtzea nahiko ez genukeen, eta idatzirik ez dagoen, estilo onartu bat? Entzule moduan, nola onartzen dugu aurkeztea bertsoa? Zer dugu gustuko eta zer ez?

Testu edukiari dagokionez, agerikoa da bertsolariek egiten duten ahalegin estetikoa. Aitor Sarriegik bertsoa.eus-eko Ganbaran bai atalean, Estetikaren balioaz (2022) artikuluan aipatzen du, joera hori diskurtsoaren mesedetan gero eta bazterrerago uzten ari bada ere, horren alde egiten duela apustu. Diskurtsiboki bikainak bezain estetikoki ederrak diren bertsoaldien alde egiten duela, alegia. Mezua eder esateko bilaketa hori onartua dago, beraz, bai bertsolarien eta baita entzuleen artean ere. Aldiz, ahotsari dagokionean, ez da jarrera hori babesten, ez hainbesteko ziurtasunez behintzat; zenbaitetan ahots kantatuegiez edo bertsotarako ederregiez definitzeraino bertsolaria. Musikaren mundura hurbiltzen gaituzten ahotsak direlako sor dezakete errezelo hori entzuleen artean? Ahots interpretazio horiek bertsolaritzatik kanpo gelditzen direla uste delako?

Zer da, baina, bertsoaren parte izatea? Musikatik duen galdetu genezakeen bezala, interpretaziotik, antzerkitik, literaturatik edo oratoriatik ere duen galdetu genezake. Bertsolariarentzat interesgarria litzateke bertsogintzak beste arte adierazpenekin dituen loturen eta mugen jakitun izatea? Eta hala balitz, zertarako? Nahasteko ala ez nahasteko? Arlo desberdinetan metatzen den jakintza ezagutu eta etekina lortzeko aukera hor legoke; moldatu beharrekoa moldatuz, interesgarria litzatekeena hartuz eta hala ez litzatekeena bazterrean utziz.

Bertsoaren testu eduki eder batengatik ez ezik, ahots bidezko interpretazio bateratu bati esker ere entzulegoa harrapatzea ederra litzateke.

Bertsolaritza arte adierazpen bat den aldetik, bere osotasuneko edertasunaren bilaketa zilegi dela nabarmenduko nuke. Bertsoaren testu eduki eder batengatik ez ezik, ahots bidezko interpretazio bateratu bati esker ere entzulegoa harrapatzea ederra litzateke. Ahots ederra ez delako “ongi kantatzen duen” ahots bat soilik, ezta gutxiago ere. Ahots eder bat inprobisatutako testuari eta aukeratutako doinuari egokitzen zaiena da, testuaren eta hautatutako doinuaren komunikazio asmo bera duena, eta bere aurkezpena horretara egokituko duena. Mezuari lagunduko dion interpretazio bidea alegia, kantaerarena.

Bibliografia

  • Sarriegi, A. (2022/10/11). Estetikaren balioaz. Ganbaran bai. Bertsogintza iruzkina. https://bertsoa.eus/albisteak/8910-estetikaren-balioaz