Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Jone Uria nagusitu da Donostiako saioan

2022/10/08
Victoria Eugenia antzokian jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen faseko bosgarren saioa; bihar jokatuko da faseko azkena, Lizarrako Los Llanos aretoan.

Goraino beteta. Horrelaxe egon da gaur arratsaldean Donostiako Victoria Eugenia antzokia: 888 bertsozale bertan.  Leire Garatxena Larrabe gai-emailea izan da oholtzara iristen lehena eta, haren atzetik, gaurko sei protagonistak: Aitor Etxebarriazarraga GabiolaBeñat Iguaran AmondarainOnintza Enbeita MaguregiMaddalen Arzallus AntiaEñaut Martikorena Lizaso eta Jone Uria Albizuri.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatu ondoren, Jone Uria izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 706 hain zuzen. Haren atzetik geratu dira Onintza Enbeita 688 punturekin, Aitor Etxebarriazarraga 682,5 punturekin, Maddalen Arzallus 678 punturekin, Eñaut Martikorena 674,5 punturekin eta Beñat Iguaran 659 punturekin.

Beraz, Irungo finalaurrekoan kantatuko du Jone Uriak azaroaren 5ean, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta beste hiru sailkaturekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Lehen fase osoan bezala, zazpiko hau aritu da epaile lanetan: Egoitz Iradier Martinez de AlbenizEneko Bidegain AireJurgi Fuentes GoikoetxeaKarlos Ibarguren OlaldeLeire Beloki LizarraldeMiriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki aritu dira.

Gaurkoan ere, zortziko nagusi eta txikiko saioak egin dituzte bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eta hamarreko txikiko ariketa gero. Azkenik, ganbarako lanean jardun dute. Hauxe gaurko gaia: Badakizu min egingo diola, baina pentsatzen duzuna esatea erabaki duzu.

Bertsolarien agurrekin amaitu da saioa..

 

Bihar, lehen faseko azkena

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasea bukatzear da. Bost saio jokatu dira gaurkoarekin, eta bihar izango da azkena, Lizarrako Los Llanos aretoan, 17:00etatik aurrera. Internet bidezko sarrerak agortuta daude, baina txarteldegia 15:00etan irekiko da. Aretora sartzeko ateak, 16:00etan irekiko dira.

 

Txapelketa jarraitzeko aukera

Astelehenean amaitu ziren Donostiako saiorako sarrera guztiak eta, beraz, gaurkoan ez da leihatilarik zabaldu. Dena dela, Victoria Eugeniara sartzerik izan ez duten zaleek izan dute zuzenean jarraitzeko aukera, bertsoa.eus atariaren bidez. Gainera, bihar gaurko saioko bertsoaldien hautaketa izango da eskura Hitzetik Hortzeran, Gasteizko saioko bertsoaldiekin batera.