Irunen jokatuko da bihar hirugarren finalaurrekoa
Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira biharko sei protagonistak, Maialen Belarra Eneterreaga gai-emailearen gidaritzapean. Biharko saioko irabazleak zuzenean lortuko du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Baionan kantatuko du, azaroaren 26an.
Oraindik sarrera batzuk geratzen dira www.bertsosarrerak.eus atarian. Gainera, bihar, 15:00etan irekiko da Ficobako txarteldegia.
17:00etan hasiko da ekitaldia eta ordubete lehenago irekiko dira ateak. Ficobak doako aparkalekua eskainiko du, baina autoa partekatzea gomendatzen dugu guztiontzako lekua egon dadin.
Bestalde, Donostia eta Bidasoa ingurutik zatoztenoi topoa erabiltzeko gomendioa luzatu nahi dizuegu. Euskotrenek maiztasunak areagotuko ditu saio aurretik eta ostean:
- 15:15etik 16:15era, Donostiatik Ficobara trenak 15 minutuero
- 20:35etik 21:35era, Ficobatik Donostiara trenak 15 minutuero
Ordutegi horietatik kanpo, beti bezala, trenak 30 minutuero egongo dira.
Saioa zuzenean jarraitzeko aukera
Finalaurreko guztietan bezala, bihar ere zuzeneko emankizuna eskainiko dugu Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik ETB4n, www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan. Horrez gain, txapelketako hedabide laguntzaileek ere eskainiko dute saioa. Igandean bertsoaldien bilduma argitaratuko da www.bertsoa.eus atarian eta Hitzetik Hortzera telebista saioa ere eskainiko da, 15:00etan, ETB1en.