Iñaki Muruak jantziko dio txapela 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunari
Abenduaren 18ko iluntzean Nafarroa Arenako oholtzara igoko da Iñaki Murua Jauregi (Gabiria, 1956), eta berak izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela janzteko ardura. Hala erabaki du Bertsozale Elkarteak, egin duen lan handiagatik esker ona erakutsi nahian.
Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Iñaki. Bertsolari gisa 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995ko txapelketetan ere.
Eragiletzan etengabeko lana egin du: Gabirian bertan hasi eta Euskal Herri osoan ere bai. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.
Lehendakari izan denean zein ez, bertso munduan oso presente egon da Iñaki beti. Gaur egun ere, figura oso garrantzitsua izaten jarraitzen du Bertsozale Elkartean. Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile, zein gertuko guztiek estimu handian daukagu.
Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan.