Haritz Mujika ere, zuzenean finalaurrekoetara
650 lagun batu dira gaur Gasteizko Europa Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. Zozketak ebatzitako ordenan sartu dira sei bertsolariak oholtzara: Manex Agirre Arriolabengoa, Iban Urdangarin Lardizabal, Miren Artetxe Sarasola, Amaia Iturriotz Etxaniz, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Haritz Mujika Lasa. Gaiak ematen Oier Azkarraga Grajales aritu da.
Ariketaz ariketa puntuak bilduz, Haritz Mujika izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 695,5 puntu. Hurrenez hurren geratu dira Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin. Gaurko saioa irabazita, Donibane Garazin kantatuko du Mujikak urriaren 29an. Beste bost bertsolariak zain egon beharko dira finalaurrekoetan nork kantatuko duen jakiteko.
Aurreko saioetan legez, zazpikote hau arduratu da bertsoei puntuak jartzeaz: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu dira.
Datorren astean, beste bi saio
Lehen faseko azken bi saioak hurrengo asteburuan jokatuko dira Donostian eta Lizarran, 17:00etatik aurrera. Saioetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; egunean bertan, 15:00etan zabalduko da txarteldegia.