Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Entzumenaren iraultza

2022/11/24
Jone M. Hernández García UPV/EHUko AFIT antropologia feminista ikerketa taldeko kideak egin du aste honetako adituen analisia.

Munduko kultura guztiak genero hierarkiek gurutzatuta direla frogatu zuen jada antropologiak joan den mendeko 60. hamarkadan, Euskal Herria barne. Horren ondorio bat izan da emakumeek gizartean egindako ekarpenen isilarazpena. Adibidez, mendeetan zehar jakina izan da emakumeek ezin zutela bertsolari izan. Eta jakina zelako, onartuta zegoen. Ondorioz, emakumeak naturalki isiltasunean bizi izan dira; orain dela gutxi arte.

Emakumeak bertsoak sortzeko eta kantatzeko gai zirela, eta, are gehiago, txapelketak irabazteko gai zirela erakusteak ahalegin eta konstantzia handia eskatu du. Inertzien kontra egiteak ekarri duen energia galeraz, horretan murgilduta egon direnak bakarrik hitz egin dezakete. Estereotipoak iraultzea, gizarte arau zorrotzak apurtzea, sustraitutako usadioak kinkan jartzea edota hierarkiak zalantzan jartzea suposatu du, besteak beste, lan horrek. Oinarrian korrontearen kontra igeri egitea izan da.

Halere, 2009ko Txapelketa Nagusiak irudi tentagarria utzi zuen: Maialen Lujanbio txapela jantzita. Berdintasunaren lorpenaren seinale, edo? Ematen zuen keinu sinple eta xume horrek (Joxe Agirrek txapela Lujanbioren buru gainean maitekiro uzten) amaiera jartzen ziola Joseba Zulaikak (1990) dotore deskribatutako euskal kulturaren eredu nagusiari. Eredu nagusi horrek hainbat praktika (hertsiki) maskulinoak zituen oinarri, besteak beste bertsolaritzarekin lotutakoak. Zaila dirudi txapel janzte horrek mendeetan zehar izandako isiltasun eta ikusezintasuna iraultzea. Nago, Harry Potter, Hermione Granger eta euren koadrila guztiak ere, ez luketela lortuko.

Zalantzak zalantza, artean badago egiaztatu daitekeen alderdi bat: Lujanbioren txapela une berezi batean iritsi zen. 2010ean hasten zen hamarkadaren atarian, Euskal Herrian eszenatoki soziopolitiko eta kultural berri bat sortzen ari zenean, hain zuzen ere. Horri egiten dio erreferentzia Zulaikak berak (2019), berriagoa den testu batean. Eta horrela dio: generoarena da nabarmenki euskal gizarteak bizi duen impass kultural larriena. XX. mendeko 80-90 hamarkadetan kokatutako ikerketan, gizonezko bertsolaria euskararen indarra eta hizkuntzaren sinbolo gisa irudikatu zuen Zulaikak. Hainbat urte geroago, Maialen Lujanbioren txapelak eragindako aldaketak aztertzen ditu eta galdetzen du: What is the sex of a bertsolaria? Zein da bertsolariaren sexua?

Teoriak dio bertsolaria dela publiko aurrean bertsoak bat-batean kantatzeko gai dena (Garzia 2012). Arrazoiak ardatz, burua ezinbestekotzat jo da bertsoak sortzeko orduan; bertsolaritzarako gorputz atal garrantzitsuena omen da. Hori horrela izanda, zeini axola zaizkio kantatzen duenaren genitalak, genero nortasuna edota orientazio sexuala? Baina praktikan badirudi garrantzia duela. Bai? Garrantzia du oraindik?

Jokoari buruz idatzitako saiakeran Johan Huizingak (1972) hauxe dio: kultura jokoa da. Eta honekin lotuta, hau gaineratzen du: lehia bizitza sozialaren elementu nagusienetariko bat da. Izan ere, jokoa eta lehiaren inguruan eduki erritual eta sinbolikoz beteriko esparruak sortzen dira, ekoizpen kulturala eta nortasunezkoari lotuta daudenak. Kultura eta nortasuna erdigunean egonik, erraz ulertu daiteke zergatik jokoan dabilenaren sexua den garrantzitsua; baita irabazlearena, eta, zergatik ez, publikoarena.

Publikorik gabe ez dago bertsorik, ezta bertsolaritzarik, ez bederen, bere esanahi garaikidean.

Publikorik gabe ez dago bertsorik, ezta bertsolaritzarik, ez bederen, bere esanahi garaikidean. Publikoa bertsoaren parte da, hasieratik bukaeraraino. Parte hartze horri kognizio partekatua deitu zion Denis Labordek (2011). Bertsoaldia kantatzen hasi aurreko isilunea, isilune hau apurtze duten eztulak, eztarri garbitzeak, aulkien karraskak, azken lerroen errepikapenak, oihuak eta txaloak; bertsoa, nire iritziz, hori dena da. Protagonismo ezberdinekin baina guztia eta guztiak dira horren parte. Modu honetan, bertsoak sortzen eta kantatzen duenari seinalatzen dio, baina baita ere, entzuten eta jasotzen duenari, bertsolaritza elkar entzute ariketa bat ere badelako.

Jordi Carmonak (2018) gizarte mugimenduen testuinguruan entzumenak duen garrantzia azpimarratzen du: besteak esateko duenarekiko interesa eta arreta lirateke gizarte mugimenduek duten indargune nagusienetarikoak. Eta horri beste ideia pare bat gehitzen dio, baliagarria dena generoa eta feminismoarekin lotutako eztabaidetan txertatzeko. Entzumenak -dio Carmonak- laguntzen du bestea prozesu politiko batean barnebiltzen, lotura bat sortzen duelako. Baina, gainera, entzule bakoitzarengan ezustekoa eta harridura azaleratzen laguntzen du, eta horrela, entzumena, gaineratzen du Carmonak, eraldatzailea izan daiteke, iraultzailea. Maila pertsonalean, zein kolektiboan.

Modernitatean, komunitatea gu maskulino, menderaezin eta suntsiezin baten inguruan bildu eta trinkotzea omen zen erronka. Eta egun, zein da jomuga? Hizkuntz eta kultur gutxituen iraupena negoziaziorako eta elkar lanerako espazioen sorreren baitan dagoela dirudi; bizitza bizigarriago eta gizarte justuagoaren alde egingo duten guneak. Entzumenak dakarren inplikazioari, enpatiari eta eraldaketari uko egin ahal diegu, baina keinu horrek pertsona gisa, zein gizarte gisa erretratatuko gaitu, isiltasunaren garaitik gortasunaren garaira igaroz.

 

Bibliografia

  • Carmona, Jordi. 2018. Paciencia de la acción. Ensayo sobre la política de asambleas. Madrid: Akal.
  • Garzia, Joxerra. 2012. Bertsolaritza. Donostia: Etxepare Euskal Institutua.
  • Huizinga, Johan. 1972. Homo ludens. Madrid: Alianza editorial.
  • Laborde, Denis. 2011. “De l´inventaire des traditions à l´action située: analyser le bertsularisme après Joxemartin Apalategi”. In: Rosa García Orellán, Aitzpea Leizaola, Inmaculada Sánchez Martín (arg.): Joxemartin Apalategi Begiristainen oroimenez. Donostia: Eusko Ikaskuntza; 49-63.
  • Zulaika, Joseba. 1990. Violencia Vasca. Metáfora y sacramento. Madrid: Nerea.
  • Zulaika, Joseba. 2019. “What is the sex of a bertsolaria?”. In: Xabier Irujo, Iñaki Arrieta(arg.): Female Improvisational Poets. Reno: Center for Basque Studies. University of Reno; 141-172.