Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

'Elekagaien' burujabetza

2022/11/03
Manex Fuchs Castagneten eskutik aste honetako adituen analisia ataleko kolaborazioa.

Bertsolari Txapelketa Nagusia bete-betean ari da bere bisurtea ospatzen. Frankismoak edo birus txar batek bertsozaleon egutegia doi bat makurtzen ahal badu ere, berdin dio. Euskara da gure fede bakarra, eta negu luzearen atarian, milaka eta gogotsu joango gara abenduko meza nagusira. Guhaurren predikuak ezin baditugu ekidin gaitz erdi, diskriminazio guzien gainetik euskaraz eta bat-batean kantatzearekin bizi dugun askatasun kolektiboak dena irabazten du.

Antzerkia bere zentzurik funtsezkoenean ulertzen badugu, arte guzien kooperaziotik bere garaiaren antza hartu eta ematen duen artea da. Inautez, Antton Lukuren hamarkadetako lanaren ondotik apailatzen diren libertimenduetan, arte hau herritar guzien eskumenera jartzen da. Musikariak, dantzariak, antzerkilariak eta bertsolariak biltzen dira lurra esnatzeko ahalegin horretan. Dantzariek jada errotua den gizartea gorpuzten dute, eta jendarte horrek belaunaldi berriari nolabaiteko zerga bat eskatzen dio: baloreak eta kontsentsuala den oro zangoz gora ezartzeko erronka jotzearen truk, gazteek bereber bizitzeko edo taldean antolatzeko gaitasuna frogatzen duen sarbide-erritua betetzen dute. Dantzak, edertasuna eskainiz, antzerkiaren joko eremua bermatzen du, zirtzilek urteko gai minberak jorra ditzaten. Ondotik heldu diren bertsolariei hautuzko lekua ematen zaie: plazaratutako trufa eta ziztaden gainetik, ustez erran gabe doana galdekatzen dute, perspektiba berri baten menturan. Baina ez zaie gairik ematen. Ikusitakoaren haritik nahi dutena kantatzen dute.

Lerro hauek ez dute gai-jartzailetza edo epailetza zalantzan jartzeko xederik. Txapelketak bere arauak ditu eta jo aitzina. Izatekotan, bertsozaleei luzatzen diedan gonbidapen bat da. Jakina da gaia bera baino, garrantzitsuagoa dela bertsolariak gaia nola egiten duen bere. Agian hor dago koska: publikoak gaitasun handia du berak entzun nahi duena molde batera edo bestera bideratzeko. Izan gaitezen zintzoak; ongi dakigu bertsolariek kantatuko dutena gure eredu moral edo politikoki zuzenen arabera hertsatzen dugula. Eta erabat dikotomikoak garenez, epaimahaia edo gai-jartzaileen kontra jotzen dugu gero, gure jarraibideak kontsentsualegiak direlako.

Lagun batek goraipatzen zidan bertsolariaren alukeria, eta zilegi bekit gogoan hartzea hitz hori ez dela ezertan feminismoarekin kontrajarria: alukeriak jeinu edo talentu zerbait suposatzen duenean, pitokeriak zozokeriarik arruntena definitzen du. Lagun horrentzat beraz, alukeriarik gabeko bertsolaria, hitzaren kirolari on bat besterik ez da. Eta ez gara harrituko puntuazioaren ereduetan gaitasun hori ez bada baloratzen. Testutik at iradokitzen denak ematen al du abantailarik? Alta, deitoratzen dugu Bertsolari Txapelketa Nagusian entzuten diren bertsoek ez diotela umorea edo arraileriari nahi genukeen presentzia ematen. Baina nola ariko gara irriz karkailaka zirtolarien krudelkeria gutxiesten badugu?

Kolapsoen gurpil zoroan sartu omen garen aldi honetan, pantailek intimoa baldintzatzen dutenean, nortasuna QR kode bat izan daitekeenean, badirudi gure mintzagaien hautua algoritmoen menpe dagoela. Gure eguneroko solasen edukia Data Center batek akuilatzen badu, ez al gara egoera giga-diglosikoan bizi? Eta sinesgaitza bada ere, guti edo aski denok egiten diogu hondamendiari gure ekarpen xume eta eraginkorra. Ez da hutsaren pareko kontua: kasik bi urte pasa ditugu euskara plazara jalgi gabe, eta itzalaldi horren ondotik, hitzordu erraldoiak salbuetsirik, antzerki, bertso, dantza eta musika emanaldi xumeagoak publikoz odolustu dira. Eta zertaz hitz egin dugu denbora guzi horretan? Ez al dugu gure eztabaiden mamia ehuntzeko gaitasuna deslokalizatu?

Baina ez gaitu izutzen negu hurbilak. Alerta gorrian ere bizia ospatzen ikasi dugu. Happy-kolapsoa gure baitan dugu. Beraz saioz saio joango gara bertsolarien erabateko askatasunari leku egitera. Aitzinako Greziatik datorkigun errefrauaren arabera, mundu osoa eszenatoki bat da, eta begi-bistan ditugun zernahikerien ondotik, bertsolariek nahi duten haria tira dezatela; gure ziurtasunak irauli ditzaten. Haien bertsoekin irriz leher gaitezen eta egiak gure zintzurretan iltza ditzaten. Aparteko bertsolariek ongi dakite zein menditik egiten duten tiro. Harri batez bi txori: gaia beren esku hartuz euskaldunon elekagaien burujabetza ereiten dute.

Argazkia: Ainhoa Resano