Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Ekainaren 23an jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak

2022/06/16
Finalerako sarrerak ere egun horretatik aurrera eskuratu ahal izango dira. Bazkideek finalerako sarrera bermatuta izango dute astebetez; behin epe hori pasata, gainerako zaleen lehentasun bera izango dute finalerako sarrera eskuratzeko.

Uda amaitu eta berehala hasiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, lurraldeetako elkarteekin batera, aurreratuak ditu antolaketa lanak, eta horien berri emateko garaia ere iritsi da. Ekainaren 22an aurkeztuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan, 11:00etan, eta egun horretan bertan argitaratuko dira xehetasun guztiak www.bertsozale.eus atarian.

Txapelketaren berri emateko gogoz dago Bertsozale Elkartea; baina zaleoi eta, bereziki, bazkideoi, sarrerei lotutako zenbait gako eman nahi dizkizuegu lehenik eta behin. Izan ere, txapelketa aurkeztu eta hurrengo egunean, ekainaren 23an, jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrera guztiak, finalekoak barne.

Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian

9:00etan hasiko da sarreren salmenta ekainaren 23an www.bertsosarrerak.eus atarian. Txapelketa osoko saioetarako sarrerak eskuratu ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz (gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne, eta 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik beteko). Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan, batez ere eten digitala saihesteko.

Nafarroako Bertsozale Elkartean, gainera, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era: zerbitzu hau 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte eskainiko da aipatutako egun horietan.

Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira. Zehaztuko da aurrerago zeintzuk izango diren salmenta puntu horiek.

Behin sarrera erosita, ezingo da aldatu eta ezta itzuli ere.

 

Adi finaleko sarrera motarekin

Iruñeko Nafarroa Arenan izango da aurten finala, eta hiru sarrera mota ezberdin izango dira eskuragai: harmaila, errebotea eta pista. Sarrera mota guztiek salneurri bera dute, baina taldean joanez gero, kide guztiek sarrera mota bera hartu behar dute elkarrekin esertzeko. Izan ere, sarrera mota bakoitzak sarbide jakin bat du, eta behin barrura sartuta ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango.

Halaber, sarrera mota bakoitzak prezioan eragiten duten ohiko azpimotak izango ditu: bazkideak, ez-bazkideak eta gazteak.

Bestalde, aurrerago emango dira finalaren eguneko autobusen eta otorduen aukeren berri.

 

Ekainaren 23tik 30era, bazkideok sarrera gordeta izango duzue finalerako

Txapelketa guztiko sarrerak prezio hobean eskuratu ahal izango dituzue bazkideok.

Gainera, ekainaren 23tik 30era arte, bazkideok bermatuta izango duzue norberaren finalerako sarrera; behin epe hori pasata, gainerako zaleen lehentasun bera izango duzue finalerako sarrera eskuratzeko.

Opariren bat ere jasoko duzue, txapelketa eta elkartearen egitasmo osoa babesteko ahaleginari esker onez, baina aurrerago emango dugu honen berri.

Eta txapelketako gainerako xehetasunak… ekainaren 22an.

 

Sarrerak erosteko izan ditzakezun galderei erantzunak.

Iturria: XDZ / Argazkilaria: Gari Garaialde