Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Ekainaren 22an aurkeztuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

2022/06/15
Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egingo da prentsaurreko agerraldia, 11:00etan. Egun horretan argitaratuko dira txapelketari buruzko xehetasun guztiak.

2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa amaitu berritan, txapelketako partehartzaile guztiak zehaztu direnean, udazkenean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruko informazioa emateko prentsaurrekoa eskainiko du Bertsozale Elkarteak.

Ekainaren 22an, asteazkena, 11:00etan izango da agerraldia Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitza nagusian. Bertan izango dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide den Gontzal Agote Los Santos, eta lurraldeetako bertsozale elkarteetako lehendakariak: Arabako Bertsozale Elkartetik Ekaitz Elorriaga Anduaga, Bizkaiko Bertsozale Elkartetik Belate Olabarria Astobiza, Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik Asier Azpiroz Iztueta, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkartetik Aritz Bidegain Aire eta Alaitz Rekondo Ferrero Nafarroako Bertsozale Elkartetik. Prentsaurrekoan izango dira, halaber, Idoia Trenor Zulaika, Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, eta Oier Iurramendi Etxeberria, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko koordinatzailea.

Aurrez iragarri bezala, datorren irailaren 24an hasiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon eta abenduaren 18an amaituko da Iruñean. 42 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan.

 Erlazionaturiko albisteak:

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa

Hauek dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolari parte-hartzaileak

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an hasi eta abenduaren 18an amaituko da. /Argazkia: Gari Garaialde