Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Durangon amaituko da lehen itzulia

2022/11/09
Landako gunean izango da saioa larunbatean, 17:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa jokatuko da azaroaren 12an Durangoko Landako gunean. Lehen itzuliko azkena izango da larunbatekoa eta han jakingo dugu zeintzuk izango diren bigarren itzulian kantatuko duten bertsolariak. 17:00etan hasiko da saioa.

Durangon kantuan ariko diren bertsolariak Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia eta Saioa Alkaiza Guallar izango dira. Gai-emaile lanetan Ane Ezenarro Beristain ibiliko da. Durangoko irabazleak Bilboko finalaurrekoan kantatuko du bigarren itzulian abenduaren 3an. Beste bertsolariek puntuazioen arabera izango dute sailkatzeko aukera.

Durangoko sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta larunbatean bertan txarteldegia irekiko da, 15:00etan, Landakon.

Finalaurreko guztiak bezala www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atariek zuzenean eskainiko dute saioa, baita, ETB4 kateak ere, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Durangoko finalaurrekoa Laixiar Irratian ere entzun ahal izango da zuzenean. Gainera, bertsoaldien bilduma argitaratuko du www.bertsoa.eus atarian biharamunean, baita, Hitzetik Hortzera telebista saioak ere.

Lehen itzuli osoan bezala, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Fase honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi ElosuaBakarne Urreaga EtxeberriaEkaitz Elorriaga AnduagaEneritz Azkue BasurkoJoseba Beltza BengoetxeaJoseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta ari dira.