Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Donibane Garazin jokatuko da bigarren finalaurrekoa

2022/10/26
Urriaren 29an, larunbatean, izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioa Donibane Garaziko Jai Alain; sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Amets Arzallus Antia, Asier Azpiroz Iztueta, Haritz Mujika Lasa, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran dira Donibane Garazin kantuan ariko diren bertsolariak. Gai-emaile lanak Zihara Enbeita Gardokik egingo ditu.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa da Donibane Garazikoa. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alai pilotalekuan. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta, egunean bertan, 15:00etan irekiko da Jai Alaiko leihatila.

Finalaurrekoetako lehen itzulian, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Larunbateko saioaren irabazleak Amurrion kantatuko du bigarren itzulian, azaroaren 19an.

Aste honetako finalaurrekoa pasa eta gero, beste bi geratzen dira lehen itzulian: Irungoa eta Durangokoa. Horietatik 18 bertsolari sailkatuko dira bigarren itzulira: Amurriora, Baionara eta Bilbora.

 

Jarraitu saioa zuzenean

Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik, ETB4n eta www.eitb.eus atarian zuzeneko emankizuna jarraitzeko aukera izango da finalaurreko guztietan. Era berean, www.bertsoa.eus atarian ere entzun eta ikusi ahal izango da. Bertsoaldien bilduma webgune berean izango da biharamunean eta Hitzetik Hortzera telebista saioan.