Doinuen loraldian, loreen zaindari
Esan beharrik ez dago Txapelketa Nagusiak bertsogintzan arrasto nabarmena utzi duela beste behin ere. Arlo askotan nabari bada ere, bereziki oparoa izan da txapelketa doinuei dagokionez. Martin Aramendi adituak dioen moduan, doinuei gagozkiela, "esan daiteke benetako udaberria, loraldia, bizi izan dugula udazkenean".
Datuei erreparatuta, 23 doinu berri plazaratu dira txapelketan, inoizko gehien - horietatik 19 dira egoki ohiko neurrietarako -; duela lau urteko txapelketan, adibidez, 6 kaleratu ziren.
Sortuta zeuden doinuen hautaketari dagokionez ere, oparoa izan da bertsolarien lana. 1967ko txapelketan, adibidez, 20 doinu bakarrik erabili ziren. Gero kopurua areagotzen joan zen, eta 1989ko txapelketan 156 izan ziren erabilitakoak. 2017ko udazkenean erabili dira inoizko gehien, guztira, 161.
Doinu berriekin egin beharreko lana
Txapelketan edo ez, doinu berri bat ateratzean martxan jartzen da lantaldea. "Ahalik eta daturik gehien biltzen saiatzen gara bertsolariarekin hitz eginda: nondik norako doinua den, musikariren batek egin dion edo berak moldatu duen, partiturarik baduen…", azaldu du Martin Aramendik. "Musikariren batek egina bada, hari eskatzen diogu partitura", gaineratu du. Horrela ez bada, eurek hartzen dute partitura sortzeko ardura. "Behin datuak, partitura eta MIDIa eskuratuta ditugunean, doinutegian fitxa berri bat sortu, osatu eta argitaratu egiten dugu".
Lantalde handia izan ez arren, badira batzuk doinuen ardurarekin ari direnak. "Felix Irazustabarrena ibiltzen da bertsolariengandik hurbilen, eta normalean hark biltzen ditu lehenbiziko datuak", azaldu du Aramendik. Partiturei dagokienez, orain arte Joanito Dorronsorok sortzen zituen, eta azken txapelketan Miren Izagirre hasi da eginkizun horretan. "Joanito Dorronsorok ere lanean jarraitzen du, partiturak gainbegiratu, gure zalantzak argitu, irizpideak markatu… badugu haren beharra!", dio Aramendik. Xenpelar Dokumentazio Zentrotik Itsaso Noya arduratzen da doinutegiaz, eta berak sortzen ditu fitxa berriak eta egiten ditu aldaketak. Koordinazio edo zubi lanean Martin Aramendi bera aritzen da. "Txapelketa garaian izaten da lanik gehien, baina urtean zehar ere egoten da zeregina kontsultei erantzun, akatsak zuzendu eta abarretan, eta saiatzen gara egin behar diren lanak ahalik eta ondoen egiten", dio.
Martin Aramendik berak doinuei buruzko analisia egin zuen Txapelketa Nagusian. Txapelketaren liburuan edota www.bertsozale.eus orrialdean dago irakurgai. Bestalde, doinu guztiak biltzen dituen doinutegia bisitatu nahi izanez gero, lotura honetan egin daiteke: bdb.bertsozale.eus/web/doinutegia.