Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bihar izango da bigarren finalaurrekoa Donibane Garazin

2022/10/28
Sarrerak salgai daude Interneten www.bertsosarrerak.eus atarian; Jai Alaiko leihatila, berriz, 15:00etan zabalduko da.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa jokatuko da bihar Donibane Garaziko Jai Alain. 16:00etan irekiko dira ateak eta 17:00etan hasiko da saioa, ohi bezala.

Biharkoan kantuan ariko diren bertsolariak Aitor Etxebarriazarraga GabiolaAmets Arzallus AntiaAsier Azpiroz IztuetaHaritz Mujika LasaNerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran izango dira. Gai-emaile lanean, berriz, Zihara Enbeita Gardoki ariko da. Donibane Garaziko saioko irabazleak finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela lortuko du eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an.

Biharko sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta, bihar, 15:00etan irekiko da Jai Alaiko leihatila. Finalaurreko guztiak bezala www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atariek zuzenean eskainiko dute saioa, baita, ETB4 kateak ere, Ilaski Serranoren eta Jon Martinen eskutik. Donibane Garaziko finalaurrekoa Euskal Irratietan ere entzun ahal izango da zuzenean. Gainera, bertsoaldien bilduma argitaratuko du www.bertsoa.eus atarian biharamunean, baita, Hitzetik Hortzera telebista saioak ere.

Finalaurrekoetako lehen itzulian, hurrengo lanak egin beharko dituzte bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte (ariketa honek hiru bertsoren balioa izango du)
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Fase honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi ElosuaBakarne Urreaga EtxeberriaEkaitz Elorriaga AnduagaEneritz Azkue BasurkoJoseba Beltza BengoetxeaJoseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.