Bihar Gotaine-Irabarnen eta etzi Gasteizen izango da txapelketa
Hitzordu bikoitza izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiak asteburu honetan ere.
Gotaine-Irabarnen izango da biharko saioa, herriko gelan. Kantuan ariko den seikotea Ane Labaka Mayoz, Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Iguaran Barandiaran eta Patxi Iriart Hiribarren. Saioaren gidari lanetan, Aritz Bidegain Aire ariko da.
Igandean, ostera, Gasteizen jokatuko da Txapelketa Nagusiko saioa, Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. Bertan izango dira kantari Amaia Iturriotz Etxaniz, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Oier Azkarraga Grajalesek izango du saioa aurkezteko ardura.
Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetara; beste bertsolariek, berriz, puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera.
Saioak 17:00etan hasiko dira eta ordubete lehenago irekiko dira ateak, 16:00etan. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian; saioen egunetan, 15:00etan zabalduko da txarteldegia.
Gotaine-Irabarneko saioa jarraitzeko aukera
Bertsozale Elkartearen laguntzaile da Euskal Irratiak, eta biharko Gotaine-Irabarneko saioa zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du. Bertsoa.eus atarian ere izango da entzungai, Euskal Irratien lotura honen bidez.
Finalaurrekoetatik aurrera zuzenean jarraitu ahal izango dira saio guztiak www.bertsoa.eus atarian, www.eitb.eus atarian zein ETB4 katean, besteak beste.