Bihar Donostian eta etzi Lizarran izango da txapelketa
Asteburu honetan amaituko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasea. Saio bi izango dira oraingoan ere: larunbatean Donostian eta igandean Lizarran.
Bihar jokatuko da Donostiako saioa, Victoria Eugenia antzokian, 17:00etatik aurrera. Leire Garatxena Larrabe arituko da gai-emaile lanetan; kantuan Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Eñaut Martikorena Lizaso, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi izango dira.
Biharamunean, Lizarran izango da txapelketa Los Llanos aretoan, hau ere 17:00etatik aurrera. Amaiur Lujanbio Agirre ariko da gaiak ematen, eta, bertsotan, Aitor Bizkarra Ruiz, Asier Azpiroz Iztueta, Imanol Uria Albizuri, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi', Maialen Akizu Bidegain eta Unai Gaztelumendi Arandia ariko dira.
Lehen fase osoan bezala, asteburu honetako saioetan ere hurrengo zazpikoa ariko da epaile lanetan: Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki.
Zuzenean jarraitzeko aukera
Internet bidezko sarrerak agortuta daude bi saioetarako. Donostian ez, baina Lizarran txarteldegia irekiko da 15:00etan.
Aldiz, Donostiako saioa zuzenean eskainiko da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan. Lizarrakoa, berriz, ez da hedabideen bidez zuzenean jarraitzeko aukerarik egongo.
16:00etan zabalduko dira bi aretoetarako ateak.