Bideak denontzat jartzen
Eraso matxisten kudeaketarako protokoloa
Emaginekoen aholkularitza lagun eta haiek prestatutako Elkarte eta kolektiboetan eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida abiapuntu hartuta, Bertsozale Elkarteak eraso matxistei aurre egiteko protokolo propioa osatu du. Taldean egindako eztabaida eta gogoeta prozesu baten bidez ondu da.
Plan feminista
Egituran nahiz egitasmoetan ikuspegi feminista txertatzeko plan feminista diseinatu du Bertsozale Elkarteak. Epe ertainean zein eszenatokitan egon nahiko genukeen zehaztuta, hara bideratuta lan egiteko plangintza da. Bertsozale Elkarteko egiturako hainbat kidek diseinatu dute proposamena, eta plana ekintzez osatzen dihardu prozesu baten bidez. Farapi Kooperatibak egin ditu aholkularitza lanak.
Topaketak
Bertsozale Elkarteak nahiz Lanku Kultur Zerbitzuak antolatzen dituen bertso saioetan askotariko ahotsei lekua emateko lanean ari gara etengabe. Azken urteetan plazako datuek erakusten dutenaren arabera, eta betiere irakurketa binariora mugatzen ari garela kontziente izanda, saio mota gehienetan, gizonen eta emakumeen partehartzea gero eta orekatuagoa da. Gainera, emakume bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta bestelako eragileen ahalduntzerako topaketak antolatu izan dira Bertsozale Elkartetik, Bizkaiko Bertsozale Elkartean eta Nafarroakoan, kasu.
Txapelketan ere bai
Bertsolari Txapelketa Nagusia eraso matxistarik gabeko bertsoaren festa izatea nahi dugu. Saio bakoitzean gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko puntu morea atontzen da informazio gunean bertan.
Harremanetarako: lantaldefeminista@bertsozale.eus