Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsozaleen elkargune izango da Iruñea igandean

2022/12/13
Bertsolari Txapelketa Nagusia amaierara iritsiko da igandean Nafarroa Arenan jokatuko den finalarekin. Egun batzuk lehenago prentsaurrean elkartu dira zortzi finalistak eta Bertsozale Elkarteko kideak.

Orain dela ia hiru hilabete abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta egun batzuk barru amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan, abenduaren 18an, igandean. Gaur elkartu dira lekuan bertan finalaren inguruko xehetasunak emateko Gontzal Agote Los Santos eta Oier Iurramendi Etxeberria Bertsozale Elkarteko ordezkariak eta iganderako sailkatu diren zortzi bertsolariak: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.

Hasteko, txapelketara ezohiko egoera batetik iritsi ginela gogoratu du Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko ordezkariak: “Ekainean txapelketa aurkeztu genuenean intuizio bat partekatu genuen: bertsozaleengan gogo berezia zela txapelketarako, plazak berriro hartzeko, esperientziak berriro partekatzeko; eta zorionez, hala izan da”.

Bertso plazarekin ere kezka zegoela gaineratu du, eta horretan ere nabaritu dela onerako bidea. “Txapelketa izan da bertso plazan dagoen aniztasunaren eta errealitatearen isla: bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berriak urratzean, ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian, norberaren begirada lantzean…” eta finalean ere “beste hainbeste” espero dutela azpimarratu du.

13.000 lagunek jarraituko dute finala bertatik bertara: “Irailetik amaituta daude sarrerak”, adierazi du Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Hala ere, finala jarraitzeko beste bide batzuk izango direla gogorarazi du: Finala zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan zein ETB1en Ilaski Serranok aurkeztuta eta Jon Martinen iruzkinekin. Beste hainbat hedabidek ere egingo diote jarraipena igandeko saioari.

 

Iñaki Murua, txapel-emaile

Aurrez iragarri bezala, aurten Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Iñaki, Gabiria bere herrian zein Euskal Herri osoan. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.

Muruarekin batera, gainera, sari emaile gehiago ere izango dira finalean bertsolaritza, kulturgintza, euskalgintza eta nazioarteko sarea ordezkatuz. Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei.

Nazioarteko begirada gurean

Euskaldunik ez den bertsozalerik izango da Nafarroa Arenan igandean. Mundu osoko aditu eta arituak izango dira finalean: ikertzaile eta ahozko kantu inprobisatuko sortzaileak ez ezik, atzerriko hedabideak ere izango dira gurean.


Finalerako oharrak, denon eskura

Ohar praktikoak ere gogora ekarri dituzte goizeko prentsaurrean. Nafarroa Arena inguruan dauden aparkatzeko tokiak zeintzuk diren jakinarazi du Iurramendik, eta autoz nondik heldu ere bai.

Bazkarirako lekuak zein izango diren, haur txokoa non egongo den… ohar guztiak jasota topatuko dituzue finalerako osatutako oharren gidan.

Dena prest dago iganderako. Gozatu finalaz!

 

XEHETASUN GEHIAGORAKO, IKUSI PRENTSA DOSIERRA