Bertsolaritzaren memoria eraikitzen
Abuztuak 15. Ia Euskal Herri osoko txoko guztietan bezala, jaiak dira Donostian ere. Grabagailua hartuta, hara joan da Lierni. Audio teknikariari irteera eskatu, eta argi gorria piztuta grabatzen hasi da grabagailua. Igo dira bertsolariak eta gai-jartzailea oholtzara: “Eguerdi on, denoi. Ongietorri…” hasi da saioa.
Hemendik aurrerakoa bat-batekoa izango da. Gogoratzeko moduko harribitxirik bada, gordeta geratuko da han elkartutako donostiarrentzat ez ezik, interesa duen ororentzat. Hori Liernik jasotako material horrek egingo duen bideari esker.
Amasa-Villabonako Subijana Etxean kokatutako Xenpelar Dokumentazio Zentrora eramango du. “Saioen grabazioak egiten dituzten biltzaile finak ditugu, baina gehiago ere gustura hartuko ditugu” dio Xenpelarreko Oihana Aranburuk. Dokumentazio zentroko lantaldeak tratatuko du edukia, eta han jaso aurrerantzean behar duenak eskuragarri izan dezan: “Argazkiak, audio eta bideo grabazioak, dokumentuak… denetarik jasotzen dugu”, dio Olatz Amundarain lankideak.
Material hori bertsolaritzaren memoria osatuko duen ondare bilakatuko da dokumentazio zentroan jaso, antolatu eta gizarteratzean: ”Bertsolaritza mugimenduak, sorkuntza kolektiboa izanik, ezagutza ere modu kolektiboan jasotzea ezinbestekoa du”, adierazi du Aranburuk. 1991tik darama zeregin horretan Xenpelar Dokumentazio Zentroak.
Biltegian eta digitalean
Saioaren audio grabazioari dagokion fitxa beteta, dokumentazio zentroan gordeko da; eta Donostiako saioaren bila dabilen herritarren batek bdb.bertsozale.eus atarian topatu ahal izango du erreferentzia: “Atarian bertan ere baditugu digitalki jasotako zenbait audio grabazio eskuragarri”, gogorarazten dute Xenpelarrekoek.
“Helburua ez da guztia jasotzea, bilduma anitz bat eskaintzea baizik. Adibidez, 2021 urtean Euskal Herrian zehar egin ziren 1.200 bertso ekitaldi ingurutik 250 grabazio bildu genituen”, azaldu du Aranburuk: “Urtez urte jasotako grabazioen lagin hori izaten da gero bertsoen ikerketetarako nahiz dibulgaziorako baliatzen den bilduma”.
Bertsoaldien eta saioen erreferentzia eta fitxategiez gainera, hainbat datu-base elkartzen dira bdb.bertsozale.eus atarian: “Doinutegia, bertsolaritza mugimenduko eragileen biografiena, ekitaldien inguruko datuak jasotzen dituena,…”, gogorarazi du Amundarainek.
Dokumentazio zentroak eskaintzen duen zerbitzua oso preziatua da, bereziki, ikertzaileen eta hedabideen artean. Bertsolariek ere jo ohi dute Xenpelar Dokumentazio Zentrora beste bertsoaldi batzuekin elikatzera eta nahi duten hori hobetzeko baliabide bila.
Gaur Lierniren grabazioa izan da. Bihar Iñigoren argazkiak, eta Pelloren bertsopaper zaharrak etzi. Horrela, etengabe, bertsolaritzak egunero egiten duen arrastoarekin aurrerako bidea egiten eta bertsolaritzaren memoria eraikitzen. Beti eraikitzen. Etengabe elikatzen ari den eta gaituen behatoki dinamikoa baita Xenpelar.
Ikerketen iturburu
Urte luzetan bertsolaritzak sortutako material andana dagoenez, ikertzaileentzako iturri garrantzitsua da Xenpelar Dokumentazio Zentroak eskaintzen duena: “Ikerketen oinarria ahozko iturria izanda, momentuan biltzen ez dena galdu egiten da betirako; urte hauetan guztietan egindako bilketa lanari esker egin daitezke ikerketa hauek”, dio Xenpelarreko Itsaso Noyak.
Azken urteetan Bertsozale Elkarteak lehendabizi Mintzola Fundazioaren bidez eta orain bere kabuz, eta zenbait erakunderekin batera, hainbat ikerlan eragin ditu. Mintzola sortu zenetik 90 ikerketa inguru burutu dira, tartean 15 doktorego tesi, eta horietan guztietan Xenpelar eta Bertsozale Elkarteko ikerkuntzako lankidea aritu dira ikertzaileekin batera bidea egiten: “Lehenengo pausoa ikertzailearekin elkartzea izaten da, elkar ezagutzeko eta ikerketaren nondik norakoak azaltzeko”, azaldu du Noyak eta jarraitu: “Askotan ideia batekin etortzen dira, baina dokumentazio gehiegi dagoenetan, gaia fintzea eskatzen du eta hutsuneak dauden kasuetan gaia birplanteatzea. Dokumentazioaren ikuspegitik gaia kokatzen laguntzen diegu”.
Liburutegitik hasi ohi da ikertzailea, eta hortik abiatuta eta ikergaien arabera, Xenpelarreko gainerako ataletara jo ohi dute: doinuak, bertsoak, grabazioak… “Ia gehienetan bertsoen atalean amaitzen dute”, adierazi du Noyak. Xenpelarren ez dagoen informazioa bilatzen ere laguntzen diote ikertzaileari.
“Gurekin harremanetan jar daiteke bertsolaritza aztertzeko aholkularitza behar duen ikertzaile oro”, egin du gonbidapena Xenpelarreko lantaldeak.