Bertsolaritza literario baten alde (eta kontra)
“Bertsoa komunikazio ekintza da” irakurri diot aurtengo Txapelketa Nagusiaz ari zen bati baino gehiagori, eta bertsoaren espezifikotasuna definitu nahia antzeman uste izan dut baieztapen ez oso espezifiko horren atzean. Aspaldiko kontua da –Antonio Zavalak 1956rako aipatzen zuen halako zerbait, eta egungo epai irizpide asko ideia horretan funtsaturik daude–, baina baieztapena klixe bilakatzeak kezkatzen nau, esaten duenagatik baino esan gabe uzten duenagatik. 70eko hamarkadako teoria oralisten eta folkloristen printzipio bat dakar, funtsean –Joxerra Garziaren tesiak bertsolaritzara gaurkotua–: azpimarratu nahi du ahozko inprobisazioa ezin dela osoki hautemana izan bere testuinguruan besterik; hots, bertsoa ezin dela gertatzen deneko situaziotik bereizi, une eta toki jakin batean gauzatzen dela, eta testua bertso-performancearen alderdi bat gehiago soilik denez, hura komunikazio-esparrutik kanpo epaitzeko saiakera oro ezinbestean dela murriztailea. Bertsoa komunikazio ekintza dela azpimarratzen duenak, neurri batean, esan gabe dio joko arau horietan lehenetsi behar zaiola piezaren efikazia –bertsoak hartzaileari zirrara bat pizteko duen gaitasun apelatiboa– piezaren estetikari –bertso-testuaren kalitate literarioari–. Edo, errotiko bereizketa behartua izanik ere, estetika efikaziaren zerbitzura dagoela.
Txapelketako bertsoa komunikazioaren muga-mugan dabil: hango joko arauek bertsoaren alderdi testuala indartzen dute, eta komunikazio kanala hertsatzen.
Deigarria zait bertsolaritzaren komunikazio dimentsioa non eta txapelketan nabarmentzea, komunikaziorako dagoenik eta espazio zurrunenean, non bertsolariak klase guztietako egiaztapenak gainditu behar dituen –kideari erantzun gaitik atera gabe, situazio abstraktuak elementu lurtarrekin zehaztatu, arrazoiketa koherente baten izenean norbere posizioa irmo mantendu, puntu gatzgabetuei graziaz erantzun, eta hori guztia potorik egin gabe, errima ahalik eta estuena erabiliz eta albait denbora laburrean–. Zenbat du komunikazio ekintzatik estutasun horretatik sortzen den “tekno-bertsoak”? Ez al du sarri konstrukto mekaniko bat izaten amaitzen? Eta, komunikazio izenda daitekeen zerbaitetara gerturatzea lortzen badu, ez al da izaten ia beti bere sortze-baldintza arautuak gainditzea lortzen duelako –ariketaren marko aseptikoa unean uneko errealitate-erreferentziekin nola edo hala zartatuz–? Txapelketako bertsoa komunikazioaren muga-mugan dabil: hango joko arauek bertsoaren alderdi testuala indartzen dute, eta komunikazio kanala hertsatzen. Bertsolaria situazioari gailentzen zaionean, baldintzarik antikomunikatiboenetan egindako komunikazio ekintza izango da –eta, hortaz, bi aldiz komunikatiboago–. Situazioaren baldintzak erabat ezartzen direnean, ordea, zuzeneko pieza testual bat sortzera joko du bertsolariak, kantatzen ari den unetik eta tokitik erauzia, osoro streamingarria –eta biralizagarria–: poetikoagoa, narratiboagoa, diskurtsiboagoa, baina ezinbestean testuala.
Joseba Zulaikak orain ia lau hamarkada lehia bertsoaren aberrazio bat zela baieztatzean, bertsoa eta jolasa naturalizatu zituen ziur asko, dikotomia gotor samar bat eraikiz. Egun, ba ote txapelketa bera baino ezer berezkoagorik eta naturalagorik? –Xabi Payaren Ahozko Euskal Literaturaren Antologian, esaterako, bertsolaritzaren modalitate bat gehiago bezala ageri dira txapelketak, nahiz eta argitu ez direla “gainerako saioak” bezalakoak–. Baiki, epai irizpide txostena gorabehera –ezin “eraikiagoa”, bidenabar–, txapelketan sarri lehenesten dira pertsuasioaz edota efikaziaz bestelako balioak, lehia puntuatuak mediatuta baizik funtziona ez dezaketenak. Baina lehia puntuatuak tarte luzea darama bertsolaritzan, ez du ematen desagerrarazteko asmorik dagoenik, eta, behin honetara iritsita, soberan ez onartzea agian testua ez dela bertsolaritzaren oinarria, baina bai haren alderdi oso garrantzitsu bat –idatzizko literaturarekin partekatzen duena–, eta situazio mota batzuetako baldintzek –txapelketetakoek, zenbait ariketetakoek– indartu egiten dutela haren garrantzia. Eta partzial samarra dela bertsolaritzaz hitz egitean beti haren alderdi komunikatiboa azpimarratzea, alderdi testuala –gero eta funtsezkoagoa– bazter utzirik. Kubako dezima bertsolaritza baino jardun “literarioagoa” dela esaten den bezala, zergatik ez esan saio-formatu batzuk egonkortzeak indartu egin dituela bertso-molde “literarioenak”?
Txapelketek egun baino askoz pisu gutxiago zutenean ere zenbaitek aldarrikatzen zuten bertsolaritzaren dimentsio literarioa –Manuel Lekuonak, Aitzolek, Ez Dok Amairukoek, eta abar–. Urrunago, bertsolaritza euskal literatura garaikideko genero garrantzitsuenetakoa dela babestu du Joseba Gabilondok berriki –idatzizko literatura baino puskaz konplexuagoa–. Harentzat, Maialen Lujanbiok “idazle auratiko” birsortuaren irudia gorpuzten du, eta eredu behar luke gainerako euskal literaturagileentzat. Posizioa –asmo nabarmen probokatzailekoa– partekatu zein ez, mesedegarri litzaiguke bertsolaritza garaikideko zenbait joeraren ondorio bezala ulertzea.
Ziur asko, egun bertsolaritzaren espezifikotasunaz aritzeak estetika askotarikoak dituzten bertsolaritzez aritzea eskatzen du.
Horregatik da aski zentzuzkoa orain gutxi Ion Ansak iradokitakoa: badela ordua bertsolaritza bloke monolitikotzat jo beharrean bere baitan askotariko logikak eta estiloak dituen fenomeno bezala ulertzeko. Espezifikotasunaren bila dabilenak beti du determinismoetan eta dikotomia murriztaileetan erortzeko arriskua –neu ere erori naiz inoiz–, baina bertsolaritza ulertzen badugu fenomeno eta testuinguru berriak barneratu ahala izaera moldatzen duen zerbait bezala, agian unea da haren definizioa ñabartzeko. Ziur asko, egun bertsolaritzaren espezifikotasunaz aritzeak estetika askotarikoak dituzten bertsolaritzez aritzea eskatzen du. Bakoitzak zertarako eman ohi duen, beste poto bateko garagardoa da.