Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsolari emakumeak denak feministak ote dira?

2022/10/06
"Euskal munduan, edota Euskal Herrian, ideologia feministak bertsolaritzan bozgorailu paregabe bat aurkitu du. Miren Artetxe Sarasolak azaltzen duen bezala, emakume indibidual batzuen agerpenak ahalduntze prozesu kolektibo batekin lotuak dira". Aste honetako gogoeta Pauline Guelle Leforten eskutik.

Gotaine-Irabarneko lehen faseko saioan, hiru emazteek lehen puntuazioak lortu bazituzten, hiru gizonek azken lekuak eskuratu zituzten. Ohiz kanpoko irudi honetatik baino harago joan gintezke hiru bertsolarien performantzia azpimarratzeko; hori ez dela kasualitatea erakusteko. Gaur egun, bertsolari emakume horien maila dudan ezartzea anakronikoa izan beharko litzateke. Besteak beste, dudatzen duenak so egin diezaiola Nerea Ibarzabal Salegik eta Oihana Iguaran Barandiaranek zortziko handian osatu zuten ariketari. Gero, ganbarako lanean, hiru emazteek haurdun geratzeari buruzko pertsonaien istorioak kantatu zituzten; gizonak, berriz, gaixotasunari lotutako gaietan murgildu ziren. Bi genero, bi eredu. Hori da saioa eta gero ondorioztatu genuena; hain irudimen, bizipen eta kontaketa ezberdinak agertu baitziren taula gainean. Laburbilduz; Oihanak hormonen bidez hirugarren aldikoz esperantzetan geratzen saiatu zen emazte bakarraren ahotik kantatu zuen. Nerea hamasei urteko neska baten larruan sartu zen, mutiko batekin bizpahiru aldiz etzan eta abortatzera bakarrik joaten zenaren rolean.

Aldiz, azken hamarkada honetan, emazte bertsolariei erreferentzia egiten diegularik, iduri du multzo koherente eta homogeneo bat aipatzen dugula. Hots denak feministak direla. Bai, 1980. urtetik aitzina, bertsolarien munduan emazteen presentzia ugaritu egin da. Gainera, diskurtso feministak plazaratu dira. Gorputz eta gaitegi berriei irekitzea eragin du emazteen leku hartze horrek. Euskal munduan, edota Euskal Herrian, ideologia feministak bertsolaritzan bozgorailu paregabe bat aurkitu du. Miren Artetxe Sarasolak azaltzen duen bezala, emakume indibidual batzuen agerpenak ahalduntze prozesu kolektibo batekin lotuak dira. Hain zuzen ere, Maialen Lujanbioren txapelaren lortzeak jendarte prozesu osoago batekin egiten du bat, nahiz eta izatez bere ibilbide indibidualetik aldaketa nagusi bat eraman. Prozesu kolektibo honetan parte hartzeaz gain, Lujanbioren lorpenek eragina izan dute hainbat arau deseraikitzeko. Konparazione, bertsolariaren figura desmaskulinizatzeko, bertsolari unibertsalaren figura emakume batekin identifikatu den heinean.

Gurera itzulita, 2022ko edizio honetan, 15 emakumek hartuko dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusian (BTN). 42 bertsolari dira guztira, hots, 27 gizonek kantatuko dute aurten. Proportzionalki sekula ez da hainbeste emakumerik izan. Hala ere, gizon eta emakumeen arteko parte-hartze kopuruaren desoreka nabarmena da. Ohikoa bilakatu da azpimarratzea txapelketak aitzina egin arau emazteen proportzioa ttipitzen doala fase batetik bestera. Froga hauxe da: BTNren historian Maialen Lujanbio izan da emazte bakarra finaleko zortzikotean; 1997an, 2001ean, 2005ean, 2009an, 2013an eta 2017an. Bertso-eskoletan logika bera gertatzen dela nabarmentzen dute Artetxe Sarasolak eta Zaira Latasak. Aurtengo txapelketak, agian, aldaketa ekarriko du.

Joan gaitezen zenbakietatik harago. Elixabete Perez Gazteluk argitan eman zuen, Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar (1865-1943) bertsolaria ez zuela feminista bezala definitzen ahal, haren garaian feminista hitza ez zelako. Aldiz, bere jokabidea feminista bezala azter zitekeela aipatzen zuen. Joxepa Antoni plazandre gisa agertzeak emakumeen presentzia bideratzen zuen eta feminizazio prozesu bat eragiten zuen. Emakume guziak ezberdinak garela ez da dudarik; baina gaur egun gure identitate publikoak emazteen emantzipaziorako bideak urratzen dituela ez da hain begi-bistakoa.

Adibidez, jendarte kapitalista baten baitan emazte kapitalistak ere badira. Orduan, feministak izan al daitezke sistema horren ezaugarri nagusiak elikatzen dituzten emakumeak? Enpresa handietako nagusi direnak edo estatuburuak?

Kulturgintzan ere posizio eraldatzaileak gerta daitezke. Baina arte diruztatu edo politikoki zuzena eta sistemaren arauei men egiten diena feminista izaten al da? Beraz, feminismoa zer den behar genuke definitu. Feminismoa emakumeen emantzipaziorako mugimendu bat baldin bada, emantzipazio horrek zer suposatzen duen jakin behar dugu. Arau juridiko, politiko, ekonomiko eta sozialen aldaketa dela medio, gizonarekiko berdintasunerantz doan mugimendua da feminismoa. Hain definizio zabala da ezen, Christine Brarden arabera, feminismoaren definizioa harrapaezina baita.  

"Adibidez, jendarte kapitalista baten baitan emazte kapitalistak ere badira. Orduan, feministak izan al daitezke sistema horren ezaugarri nagusiak elikatzen dituzten emakumeak? Enpresa handietako nagusi direnak edo estatuburuak?"

Hala ere, Brardek lanjer bat seinalatzen du: esentzialismoan (emazte guziak feministak kontsideratzea emazte direlako) aritzeak eskuin-muturreko emazteei feminista deitzea ekartzen ahal duela. Bertsolaritzan bertsolariak kritikari ekin diezaioke bere hitzetan. Jendarteari so den puntutik bere posizioa eraldatzailea izan daiteke maiz. Beti hala ez bada ere, bertsolari emazteen ahotsak feminista gisa kalifikatzen dira; lehenik eta behin plazandre izateak oraindik emazteen emantzipaziorako bidea urratzen duelako, Uxue Alberdiren lekukotasun bilketak adierazten duen bezala. Bigarrenik, emazteen ahalduntze prozesu hori kontzienteki eta kolektiboki eramaten delako. Baztertuak ziren emakumeek erdigunerako bide zuzena hartu dutela dirudi. Orain egin dezagun posible mugimendu horrek beste periferiei arnas eman ahal izatea.

Pauline Guelle Lefort. / Argazkilaria: Nahia Garat