Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Bertsoaren sintonian

2022/10/20
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen itzuliko Gasteizko saioaren analisia egin du Ruben Sanchez Bakaikoak aste honetako adituen analisirako.

Zortziko txikiak eta ganbarakoetan zentratuko naiz. Gainerakoan, ezin aipatu gabe utzi Haritz Mujikaren agurra, Peru eta Aroaren agurrekin erantzungo diot, eta Gasteizko bertsoaren sintonian jarri dadin, Gasteizerako bertso-tour txiki hau gomendatu.

Zortziko txikiak

“Miren eta Iban: Konfinamenduaren ondoren kirola egiten gogotsu hasi zineten. Geroztik horixe izaten da zuen asteburuetako plana. Zu Iban, festaren baten falta sumatzen hasi zara. Miren gustura dabil egungo bizimoduarekin”. Ibanek: “(…) baina gogoratu zait / tabernako barra / dantzan izerditzea / ere ez da txarra”. Mirenek Ibanen bertsoaren errepasoa eginda berea defenditzen bukatu zuen: “(…) Isostar tragotxo bat / hartuta aski dut”. Biek beren kartak erakutsita, Ibanek bigarren txandan umoretik jo zuen: “(…) lehen kirolari nintzen / kirolari zinez / a ze kilometroak / eseak eginez”. Mirenek Ibanen ideiatik abiatu, lehenago letra guztiak pasata, eta “(…) parranda ta kirola / biak hain oparo / hau adikzio gisa / onartua dago”. Ibanek azken bertsoa parrandara joateko proposatu zion “(…) eta dantza eginda / ez bazaude bero / bizkarrean eraman / nazakezu gero”. Mirenek goitik behera erantzun zion proposamenari “(…) eta gizon probekin / ni pakean laga / lasto fardoa baino / astunagoa da”. Puntuazioari begira Ibanek 134,5 eta Mirenek 128,5. Informazioan falta den bakarra da Mirenen bigarren eta hirugarren bertsoan hitz trabatu txiki bana egin zituela. Epaileen irizpideetan hori ere badago; zuzen sartuta ere, entzule arrunton belarrietan bertsoa ere ez baita hain ongi sartzen halakoetan. Mirenek arriskatu zuen gehiago, hori ere aintzat hartzekoa.

Hurrengo saioan ofizioetako puntuazio altuena lortu zuen Haritzek: 146. “Haritz, Manexek zurekin egoteko gogoa zuela-eta, elkarrekin oporretara joateko konbentzitu zintuen. 4 egun daramatzazue oporretan eta Manex hirugarren liburua irakurtzen hasi da”. Haritzen lehenengoan “(…) lehen gutxi egoten ginen / orain oso gutxi / azala beste ezer [eskuekin liburua antzeztuz] / ez dizut ikusi”. Manexek bere egun txarrean perla hau ere utzi zigun “(…) eta azal ederra / ez’zazu egin duda / nik ere egin nahi nuen / festa, abentura / baina berehala joan naiz / nire liburura / zure argumentua azkar bukatu da”. Haritzek oso ideia ona bota zuen bigarrenean, Asteasukoa dela profitatuz “(…) Pragara etorri eta / eskutan Obaba / Asteasutik hortako / atera al gara?”. Manexek bere ildoari jarraitu zion “(…) nire opor idealak / hauek dira tira / ni irakurtzen ta zu / ondoan begira”. Haritzen segida “(…) ta hara ondoan hemen / supergarfioa / idatz dezagun honen / epitafioa”. “Epitafioa” literatur erreferentzia gisa oso egokia; “supergarfioa” berriz, txisteratik atera zuen, nahiko badaezpadakoa, baina ondo jositako amarrua, aurreko puntuan olioarekin denok igurtzita. Eta hori ere bada bertsolaritza. Manexek itxi zuen “(…) etorri ondo-ondora / liburuarekin / ta disfrutatu nire konpainiarekin”.

“Amaia eta Xabat: Amaia gurasoa eta Xabat semea zarete. Amaia azkenaldian Xabati edozer esaten diozula ere, astuna ez izateko erantzuten dizu”. Amaiak oso egoki ireki zuen: “(…) orain beti erantzun / txarra arraroa, gogorra dator zure nerabezaroa”. Xabatek gogor hartu zuen ama “(…) bizitza kontrolatzen / didazu osorik / ez zait ezer pasatzen / ez dut arazorik / gurea estutzeko / ez daukat asmorik / ez al duzu lagunik / zure adinekorik?”. Ez zen egoera samurra amarentzat “(…) lasai ta sakon egin / behar dut hasperen / ni naiz ama ulerkorra / zintzo eta garden / arraro samar Xabat / zu zaude dena den / duda sortzen ari zait / maitemindu zaren”. Atakatik oso ondo atera, eta ildo berri bat ireki zuen.  Xabatek “(…) ez zaitez ahalegindu / zu hortik ekiten / pentsa lagunek ere ez dakit dakiten / ama nigana zatoz / erraz da jakiten / aitak ez dizulako kasurik egiten”. Lehen bi puntuekin erantzun eta azken biekin beste nerabe-granada bat bota amari. Amaiak “(…) lantza hori zenuen / niretzat gordea / aizu, izan zintezke / zu seme hobea / egia da, hau ez dut / luzatzen, ordea / eta ezer baino lehen / egizu ohea”. Lehen bi puntuekin erantzun, eta azken bi puntuekin, bukatu da ama biguna. Xabatek: “(…) ahaztu ohe hori / eta ohe buru / ama-semeak gara / eta ez lagun gu / hau deserosoa da / biontzat seguru / beraz ahalik ondoen / pasatuko dugu”. Ez zen izan ofizio distiratsuena, entzuleak gehien harritu zituena, baina niri gustatu zitzaizkidan semearen harropuzkeria eta amaren egoten jakitea.

 

Ganbarakoak:

Manexek, ordurako, ondo atera ez zitzaion egunaren pisua zuen. Egun txarren gauza txar bat da irudimena, etorria, fikzioa kaltetzen direla. Ondorioz, Manexek bere oso gertutik eraiki zuen ildoa, euskalgintzatik enpresa batera joatea.

Ibanek, oso berea eta oso zaila den bide batetik jo zuen: ateraldia. Izan ere, ateralditik joz gero, hiru ateraldi behar dituzu. Hiru etorri zitzaizkion ba, eta ondo josiak goitik behera, deskribapen iradokitzailez eta ideiez. Ohar txiki bat, hala ere;buru’a” eta ez “burura” errima gisa, euskalkian kantatzea, alegia. Oso ondo, baina orduan euskalkian “purue”, “segurue”, “zerue”… ezta? Pottoki erretxina naiz... Zorionak, artista!

Mirenek Luis Eduardo Auteren Al alba doinuan kantatu zuen. Bide zaila hartu zuen: 22 urteko emakume bat, scort web orri baten bidez, Despentesen moduko prostituzioari ekiten diona. Kostata jardun zen, bigarren bertsoan batez ere.

Amaiak oso lan txukuna egin zuen. Errima behartuxeren bat eta kantuan traba txikiren bat egin ez balitu, berea zen ganbarako onenetakoa. Lehen bertsotik hirugarrenera ondo jositako istorioa; enpresan sexu-jazarpena pairatzen duen langilearena.

Xabatek bigarren puntuaziorik altuena eskuratu zuen: 146,5. Dena bikain egin zuen, bertso dotorez nobela beltz bat josiz: droga negozio batean bere partea onartzen bukatzen duen ertzain baten larrutik. Zorionak, Xabat!

Haritzek Gasteizerako kantatu nahi zuen. Bertso onak bota zituen, baina beharbada, ez borobilak, Gasteiz ez duelako hain gertukoa, eta azkenean hori betelanean, adibidez, sumatu zen. Gasteizko alkatearen larruan jarri zen.