Autofikzioa eta maltzurkeria
Ipuin tradizionaletako pertsonaiak sailkatzeko hiru arketipo aipatu ohi dira: 1) izan badena, 2) jakin badakiena, 3) egiten duena. Izana, jakintza, egintza. Hiru kategoria hauetako bakoitzak beste biak ukatzen ditu. Adibide bat? Ipuinetako erregea da (baina ez daki eta ez du ezer egiten), aztiak daki (baina ez du ezer egiten eta ez da inor aztikeria hezurmamituaz haraindi) eta heroiak egin egiten du (baina ez da inor, ezpada ekintzak egiten dituena, eta jakin ez daki oso ondo nola egiten dituen ere... harik eta bideak edo bidean topatutako aztiak erakusten dion arte). Hiru kategoria hauetako zein baliatzen du nagusiki betsolariak? Esango nuke "dakienarena" jokatzen duela batez ere. Bide ertzean dagoen aztia da bertsolaria. Badu bere logika: denbora tarte oso laburrean gaiari lotutako guztiak antolatu eta tolestu behar ditu, eta errazagoa da hori teoria bat sortuz egitea, teoria hori praktikara eramatea baino. Oro har, zortziko txikian eta puntuka "ekintzaileago" sumatzen ditut bertsolariak edo haiek garatutako rol-ak ("pertsonaiak" deitzea gehiegi da, agian). Neurria zenbat eta exigenteago eta gaia zenbat eta serioago, orduan eta abstrakziora edo deskribapenera emanago.
Badago "pertsonaia" bat beste inor(k) baino hobeto ezagutzen duguna: norbere burua. Hortxe sentitzen gara garaiezin. Besterik da, zenbateraino gauden prest geure buruaren indusketan sakondu eta topatu duguna jendaurrean erabiltzeko, eraldatzeko, jolasgai bihurtzeko... Ustiatzen dugun barne meategiaren zaina beti berbera izateak ekar diezagukeen higaduraz eta higadura horrek entzulearen baitan sor dezakeen asperduraz ez mintzatzearren. Pudoreak pudore, segundo gutxitan pertsonaia/narratzaile koherente bat lortzeko modurik seguruena dirudi norbere larrutik ahalik eta gertuen abesteak. Elika gaitezke memoriatik, ausartu gaitezke gaurko gure kezken konfesioarekin edo erabil genezake antizipazioa. Hirurak dira, aldez edo moldez, bertsogintza konfesionala. Mailegatutako aitorpenak ere izan daitezke, jakina, herentzian jasoak, erdi imajinatuak edo ikasiak. Irakurleak nobela baten narratzailea ia automatikoki idazlearekin lotzeko joera badu, zer esanik ez bertsolari baten kasuan; ahotsa eta presentzia fisikoa ditu entzuleak identifikazio horren berme. Bertsogintzan pertsonaiak sortzeari buruz ari garenean, honenbestez, norbere pertsonaia sortzeaz ari gara neurri handi batean, "ni mutante" autofikzional bat. Autobiografian ez bezala, egiatik urruntzea zilegi baita autofikzioan, eta areago, lanketa hori estimatzen dugu entzuleok. Bertsozaleak ez soilik dauka bertsolari bakoitzaren kantaera, estilo, doinu kuttun eta gestikulazioaren berri, haren bizitzari buruzko zertzelada asko ere badakizki. Aurreiritzi horiekin prozesatzen du bertsoa entzuleak, eta aurreiritzion maneiuan trebe den bertsolariak egina du jada sedukzio lanen erdia.
Jakina da fikziozko pertsonaietan zein garrantzitsuak diren izenak. Bertsolariak, ordea, jarri neurozientzialariaren paperean edo borreroarenean, nekez galtzen du berea. Horrek indartu egiten du entzulearen baitan ni konfesional baten aurrean dagoen sentipen kilikagarri, ia morbosoa. Ofiziotan aritzen direnean ere, benetako izenetik interpelatzen dute elkar gehienetan, pertsonaia zitalegi baten larruan sartzea zailduz. "Sutan da basoa eta basozainak zarete". Arrisku handiko bertsoaldia ote litzateke basozain piromanoa naizela aitortu eta suarekiko nire maitasuna azaltzea, edota azken bertsoan delituaren froga den txiskeroa lagun errugabearen laneko takilan uztea? Gutxitan entzuten da plazatan halakorik, non eta ez den umore erredentorez maskaraturik.
Konfesionalaz haraindi, badaude pertsonaiak lantzeko beste bide batzuk. Usurpazioa izan daiteke bat, entzulegoaren imajinarioan aski erroturik dagoen norbait suplantatzea, alegia. Demagun gai hau: "Unerik onenean zaude eta uztera zoaz". Zergatik ez sartu Andoni Egañaren larruan eta lehen pertsonan abestu, 2050. urtean kokatuz nire ukoa? Ia laurogeita hamar urteko Egaña bat, bere unerik onenean dagoela aldarrikatzen duena. Antizipazio ariketa bat, umorez eta usurpazioz jantzia.
Arantzatsua da pertsonaiak sortzeko orduan bakoitzari legokiokeen hizkuntza erregistroa ere, bereziki hizkera horrek jantziegia izan ezin duenean. Alzheimerra lukeen norbaiten larrutik abestuta bertsolariak poto egingo balu, ez duelako azken oinera iristerako lehena berbera erabili duenik oroitzen, zein argumentu luke epaimahaiak penalizaziorako?
Bertsolari gehienei –berdin zinegileei eta idazleei– gehiago kostatzen zaie ekintzen bidez pertsonaiak marraztea. Estanpa hunkigarriak deskribatzen gaitasun miresgarria dutenek ere, zailtasunak izaten dituzte ideien mundutik ekintzen mundura etortzean, pertsonaiak mugi daitezen, euren izaera egiten dutenaren bitartez defini dezaten. Askoz ere errazagoa baita dakienaren talaiatik deskribatu eta epaitzea. Hori da agian, hain bilakaera interesgarria izaten ari den bertsogintzaren erronketako bat: hainbat dakienetik hainbat egiten duenera igaro eta, lantzean behin, entzuleak maltzurkeriarekin ere enpatiza dezan lortzea.