Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

ALBE: "Urtean 40 bat saio antolatzen ditugu"

2022/09/23
40 urtetik gorako ibilbidea du ALBE Algortako Bertsolari Eskolak Uribe Kostan. Miren Loizaga eta Oihan Diaz ALBEko kideak elkarrizketatu ditugu, eskualdean egiten duten lana gehiago ezagutzeko.

1980an sortu zen Algortako Bertsolari Eskola. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Miren Loizaga: Andoni Iriondo eta Trino Azkoitia izan ziren gaur egun ezagutzen dugun ALBE sortu zutenak. Zabala Herri Eskolan egiten zen, eta herriko beste euskaltzale eta bertsozale batzuekin elkartzen ziren. Topaketa informalak ziren. Orduko pasarteak jaso ditugu hurrengo belaunaldiok Trino beraren, Joseba Santxoren, Josu Landetaren eta Leire Iriondoren ahotik. Trinoren eskola deitzen dugun ariketa gustura egiten dugu eskolatik pasa garen denok...

40 urtetik gora pasa dira. Asko aldatu da?

Oihan Diaz: Gaur egun bertso-eskola hainbat aspektutan formalizatu egin da, betiere, oso giro lagunkoia mantenduz. Batetik, eskola adinka banatzen dugu guztiei eroso kantatzeko espazio bat emateko. Saioen antolaketari dagokionean, urte osoan zehar eskaintza zabala daukagu.

Bertsotarako lekua izateaz gain, bertsolaritza eta bertsozaletasuna suspertzea dugu helburu

Izenean "Algorta" badaramazue ere, Uribe Kosta osoan eragiten duzue.

M.L. Hala da. Ni neu Sopelakoa naiz, ikastolan bertsolaritzarekin lehen kontaktua izan eta gero, eskualdean bertso erreferentzia ALBE zen, eta oraindik bada: bai bertsolarientzat, bertsozaleentzat, zein kultur eragileentzat. Hau da, bertsotarako lekua izateaz gain, bertsolaritza eta bertsozaletasuna suspertzea dugu helburu, eta ez Algortan bakarrik, Uribe Kosta osoan.

O.D. Ez gara eskualdeko bertso-eskola bakarra, badaude Gorlizko piratak, adibidez. Baina egia da herri gehienetan ALBE dela bertso munduko erreferentea.

Zenbat ikasle dituzue gaur egun?

M.L. Alde batetik, gazteen taldeak ditugu: eskolaz kanpokotan hiru talde daude eta bertso-eskolan bertan talde bat. Horietan, 22 ikasle ditugu. Beste alde batetik, 18 urtetik gorako beste hiru talde daude eta 25 bertsolari inguru elkartzen dira horietan. Ikasturte batzuetan, hasiberrien taldea ere sortzen da.

Plazara begira ere lan handia egiten duzue.

O.D. Urtean 40 bat saio antolatzen ditugu, oso estilo ezberdinetakoak. Saio berezi asko daude, baina bateren bat azpimarratzekotan Bertso Saio Mundiala aipatuko nuke. Baina horrez gain, Abra gazte sariketa, jaietako saioak, bertso afariak, Asebertsoz ekimena eta ALBE eguna eta ALBE gala ere aipatu nahi nituzke. Horiek dira ALBEren ezaugarri direnak, urterokoak eta izaera ematen digutenak.

 

Argazkia: ALBE