Alaia Martin zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara
600 lagun bildu dira gaur Getxoko Muxikebarri zentroan Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioan. Imanol Artola Arretxe 'Felix' gai-emaileak gidatu du saioa: “Urtebete atzeratuta baina iritsi da Bertsolari Txapelketa Nagusia” entzun da bozgorailutik. Laster aurkeztu du zozketak erabakitako ordenan gaur kantuan aritu den seikotea: Oihana Bartra Arenas, Nerea Elustondo Plazaola, Agin Laburu Rezola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi eta Alaia Martin Etxebeste.
Ariketa puntuagarriak egin ostean, Alaia Martin izan da gaurkoan puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 738 puntu. Beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara eta Elizondon kantatuko du urriaren 22an. Haren ondotik geratu dira Nerea Elustondo 695rekin, Agin Laburu 685rekin, Oihana Bartra 653,5ekin, Unai Mendizabal 635ekin eta Peru Abarrategi 627rekin. Horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko.
Gaurkoan epaile lanetan Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Eneko Bidegain Aire, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Miriam Juaristi Urizar eta Saioa Mitxelena Irazoki aritu dira. Idazkari lanetan, berriz, Joxe Mari Altuna Etxabe eta Itziar Basterretxea Olarreaga aritu dira.
Ofiziotan aritu dira bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Gaia emanda puntuari hiru aldiz erantzun eta gero, ofiziotan aritu dira berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lana: “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”. Hiruna bertso bota dizkiote gaiari sei bertsolariek.
Ohi moduan, bertsolarien agurrekin bukatu da saioa.
Bihar, Arrasaten
Igande arratsaldean izango da txapelketako hurrengo saioa: bihar, irailaren 25ean, Arrasateko Amaia Antzokian. Kantuan Gorka Pagonabarraga Agorria, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria izango dira. Ander Aranburu ariko da gai-emaile lanetan. Ohi moduan, 17:00etan hasiko da saioa.
Arrasaterako Internet bidezko sarrerak agortuta daude; txarteldegia irekiko da bihar sarrera batzuekin, 15:00etan.