Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Agurraren lezioa, agurren lezioak

2024/05/11
Harkaitz Zubiri soziologoaren analisia

Gauza onak ez dira kasualitatez indartzen. Kasualitatearen menpe dabiltzanak, desagertu egiten dira, denbora kontua besterik ez da. Kausalitatez bakarrik indartzen dira gauza onak, eraikinaren zutabeak sendoak direnean.

Desesperantzari ihes

Artea eta kultura baliabide oso eraginkorrak izan daitezke ametsak bizirik mantentzeko. Elikatu egiten dute gutako bakoitzaren begirada eta sentitzeko era. Errealitatea nola bizi dugun nabarmen baldintzatzen dute. Bertsotan dabilena, mundua mugitzen duten gauzetan ari da lanean. Behinola, bertsolaritza gainbehera zetorrenean, etsipenaren gaitzetik ihesi, etorkizuneko bertsolaritza amestu zuten. Ez zen ameskeria. Erabat irreala zen, baina egia bihurtu da. Desioak eta printzipioak ekoizten dituen faktoria horrek indar betean jarraitzen du orain.

Pasaporterik eskatu gabe

Zabalerak, sakonerak eta altuerak nabarmen baldintzatzen dute artearen eta kulturaren osasuna. Ez alferrik, hainbat futbol talde erruz saiatzen dira harrobia lantzen, nonahi, bai baitakite haren baitan dagoela beren etorkizuna. Kultura eta hizkuntza ez dira gutxiago. Ziur aski, inork ez du zalantzan jartzen txapelketan ikusi genuenak harrobia lantzearekin ere zerikusia duela. Pozgarria da garai bateko sineskeriak zaharkitu izana. Emakumeak bertsolari eta familia erdaldunetakoak bertsolari, bai, jakina. Orain galdera izan liteke, adibidez, ea bertsolariaren jatorria Konakry, Tanger, Cali edo Timisoara izan daitezkeen. 

Ez da naturalki gertatzen. Gizartean ezer ez da naturalki gertatzen. Kulturalki, sozialki, emozionalki, ekonomikoki gertatzen da, lantzen dugunaren arabera.

Eskutik eraman ninduzun

Urtean zehar egiten diren bertso-saioetan, publikoan dagoen jendearen erdiak lotura du bertso eskolekin: publikoaren puska bat bertso-eskolan ibilia da, eta beste zati handi batek hurbilekoren bat dauka edo izan du bertso-eskolan. Bertsolaritzaren funtsezko zutabe dira bertso-eskolak. Plazak erakarri edo barne hartzen ez zituen hainbatentzat ireki izan dituzte ateak bertso-eskolek. 

Eta ateak irekitzeari buruz ari garela, ikerketek agerian uzten dute txapelketek lan hori bera egiten dutela bertsozale periferikoekin; hau da, bertsozaleen gehiengo zabalarekin.

 Gutasun berri bat

Arreta eskaintzea da bizitzan disputan dagoen baliabiderik garrantzitsuenetako bat. Ume jaioberriari inork inolako arretarik eskaintzen ez badio, hil egiten da, literalki, baita jatekoa eta edatekoa duenean ere. Horregatik da funtsezkoa arretaren ekonomia. Nabarmenkerian erortzen

denari begiratzen badiogu, nabarmenkeria elikatzen dugu. Ederki ari dena ikusezin bada, ea nork ateratzen duen etxea aurrera osasuna horretan galdu gabe. 

Askotarikoek osatzen dute gutasuna, eta gutasun berrian arretaren banaketa nola egin pentsatzen jarraitu behar da, dirdira egiten dutenak dirdira egiten dutela konturatzea ezinbestekoa baita etxea aurrera ateratzeko, eta bai, jakina, justiziagatik. 

Zorionez, batzuen dirdira oso agerikoa da, guztion mesedetan gainera.

 Ahalduntzeko sareak

Bada gure artean Leviathan maite duen jendea. Baina bada baita jendearen eraldaketa ahalmenean sinesten duen jendea ere. Lan hori eginez goaz aurrera. Hunkigarria da bertsolaritzan hori topatzea.

Eragiteko leku bat

Artea eta kultura beti dira gizarteen zementua. Ez dira inoiz kontsumogai soilak. Margareth Thatcher-ek garbi esan zuen helburua bihotzak eta arimak aldatzea zela, ekonomia tresna besterik ez zela. Ikuspegi hori galtzen duenak ez daki artea eta kultura zer diren. Arotzaren eskuek eskailerak edo hilkutxak egin ditzaketen bezala, arteak eta kulturak bizitza hauspotu edo abaildu dezakete.

Ekintza iraultzailea da elkarri entzutea

Txapelketari buruz hamaika lagunekin hitz egin duenak, bertsozale periferikoen artean behintzat, harriduraz entzun ahal izan du finalari buruz haietako bakoitzak azaltzen diona. Argi dago Nafarroa Arena asko daudela, eta entzule bakoitzak gertatu zenaren bertsio pertsonala daukala. Horrela funtzionatzen du bizitzak. Bertsolaritza multipolarra. Gero eta gutxiago joaten gara bertsolariak entzutera, gero eta gehiago bertsolari jakin batzuk entzutera, gustuen arabera.

 Handi sentiarazi

Behetik gora sortzen dira eraldaketa onenak. Goian daudenen zain dagoena, bego, baina ez da hori hobekuntzak lortzeko modurik eraginkorrena. Eskatzea ondo dago, eskatu beharra dago, eta zuzen eskatutakoari goitik jaramon egiten diotenean, ederra izaten da, eta gertatzen da tarteka, baina hasi eta eutsi behetik gora egiten da. Txikiak handi sentitzea errealismo ariketa bat baino ez da. Jakina, ez du txikitasunak txikia handi egiten. Fundamentuzko lankidetzak bakarrik egiten du txikia handi. Askoren arteko lankidetzan hazi da bertsolaritza, eta izatekotan, ez da desberdina izango etorkizunean. Gizarte mugimendu bat da bertsolaritza, eta horrek egiten du txikia handi.