Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa

2021/10/26
Getxon abiatuko da irailaren 24an eta abenduaren 18an amaituko da Iruñean.

Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz, 2022ko udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramateko erabakia hartu du Bertsozale Elkarteak.

Getxon abiatuko da irailaren 24an eta, euskararen lurralde osoa zeharkatu ostean, Iruñean hartuko du lur finalak abenduaren 18an.

Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan.

Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala bertan egiteko erabakia hartu du.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana.

2005. urtean, Donostiatik Barakaldora

Hurrengoa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, 1987an sortu zenetik, antolatzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamargarren edizioa izango da. Hona hemen txapelketaren ibilbidea.

Txapelketaren finalak Donostian errotuta egotetik (1935-2001), beste lurralde batean eragin asmoz, finala Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egitea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak 2005.urtean.

Ohiko plazak, lehentasun

Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia une honetan. Era berean, egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru belarri ari da elkartea.

Ildo horretan, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie, 1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan ditugun norbanakoei, bertso-eskolei, elkarteei eta erakundeei.

 

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finala, Barakaldon. / XDZ - Gari Garaialde