Tolosan erabakiko da finalaurrekoen osaketa
Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia. Hori da bihar Tolosako Beotibar pilotalekuan Ion Zalduaren aginduetara jarriko den seikotea. Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako azken saioa izaki, bihar erabakiko da nortzuk pasako diren finalaurrekoetara eta hurrengo faseko saioen osaketa.
17:00etan hasiko da saioa. Sarrera guztiak amaituta egonik, ez da leihatilik zabalduko eta ateak 16:00tan zabalduko dira.
Hauek dira bertsolariek izango dituzten egitekoak:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurden hau antolatzeko Tolosako Udalaren eta Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.
Jarraitu saioa www.bertsoa.eus atarian
Saioa bertatik bertara jarraitzeko aukerarik ez duenak, internet bidez egiteko parada izango du: www.bertsoa.eus atarian eskainiko da saioa zuzenean. Gainera, biharamunean, bertsoaldien hautaketa eskainiko du sareko plazak eta Hitzetik Hortzeran ere Zumaiako bertsoaldiekin batera eskainiko dira Tolosakoak ere.