Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sustrai Colinak lortu ditu puntu gehien Amurrion

2017/11/19
1.300 lagun pasatxo bildu dira Amurrioko Bañueta kiroldegian.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzulia abiatu da gaur Amurrioko Bañueta kiroldegian. 1.325 lagun elkartu dira aretoan eta bertaratu ez direnek ere izan dute saioa zuzenean jarraitzeko aukera, bai www.bertsoa.eus webgunean, ETB4ko emankizunean, zein txapelketaren jarraipena egiten ari diren hainbat komunikabide tarteko.

Zozketak erabakitako hurrenkeran, Jon Maia, Nerea Ibarzabal, Jon Martin, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue eta Sustrai Colina bertsolariak aritu dira, Aintzane Irazustaren aginduetara. Eginbeharrekoetan aldaketaren bat ere izan dute pasa den itzuliarekin alderatuz gero: puntua emanda bakarka aritu beharrean, binaka aritu baitira puntutan gaia emanda hirugarren ariketan.

"Usaina sumatu eta urduri jarri zara" gaiari heldu diote kartzelakoan; eta haren ondotik iritsi da epaimahaiaren erabakia. Gaurkoan Joseba Santxo, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren eta Nerea Bruño izan dira kide, eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Esti Zengotitabengoa.

Sustrai Colinak eskuratu ditu puntu gehien, 701. Gainerako bertsolariei dagokionez, 694,5 puntu eskuratu ditu Beñat Gaztelumendik; 681,5 Jon Maiak; 675,5 Nerea Ibarzabalek; 668,5 Jon Martinek; eta 615 Etxahun Lekuek.

Eskerrak eman dizkio Bertsozale Elkarteak Amurrioko Udalari eta Aiaraldeko bertso eskolari saioa antolatzen emandako laguntzagatik. Bestalde, saioaren aurretik Bertso Udalekuetan parte hartutako hezitzaileak bildu dira Amurrion elkarrekin bazkaldu eta egitasmoaren 20.urteurrena ospatzeko.

Bi itzulietako puntuen batuketa, finalerako giltza

Hiru saiok osatuko dute gaur hasi berri den bigarren itzuli hau eta bertan erdietsitako puntuazioa lehen itzulikoari batuko zaio. Batura horrek erabakiko du nor izango den abenduaren 17an jokatuko den final handian. Donibane Lohizune eta Iruñea izango dira, azaroaren 26an eta abenduaren 2an tarteko helmugak.

Ikusi sailkapena hemen

Amurrioko saioko puntuazioak, ariketaz ariketa

Sustrai Colina, Amurrioko Bañueta kiroldegian. / Gari Garaialde - XDZ