Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Sustrai Colina sailkatu da zuzenean bigarren itzulirako

2017/10/28
Bastidan abiatu dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak. 980 bertsozale inguru bildu dira udal kiroldegian saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Arabar Errioxara heldu da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final laurdenak amaituta, finalaurrekoei heldu die txapelketak eta lehena gaur izan da Bastidan. 980 lagun hurbildu dira bertako udal kiroldegira. Zenbait bertsozalek gainera asteburu osoko plana egiteko baliatu dute abagunea, atzotik hasita hainbat ekitaldi izan baitira herrian bertan: kantu poteoa, Plaza Irrintzika emanaldia eta noski, Arabar Errioxan egonik, upategietara bisita.

17:00etan hasi da saioa. Inazio Usarralderen aginduetara jarri dira gaur Jone Uria, Sustrai Colina, Nahikari Gabilondo, Agin Laburu, Jon Martin eta Igor  Elortza. Bastidako Udalari eta Arabar Errioxako bertso eskolari eman dizkio eskerrak Bertsozale Elkarteak, bertso saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Finalaurreko saioetan eginbeharrekoak aldatu zaizkie bertsolariei, final laurdenekin alderatuz gero: aurreko fasean bezala, binaka aritu dira zortziko txikian eta handian eta banaka puntu erantzunetan, baina sei puntuko motzean aritu dira gerora. Eta azkenik, kartzelako lana gauzatu du seikoteak; "ez duzu gonbidapenik jaso baina joatea erabaki duzu" gaurkoan egokitu zaien gaia.

Puntu gehien bildu ditu Sustra Colinak, 705,5. Haren atzetik honela geratu da sailkapena: 703 Igor Elortzak; 690 Agin Laburuk; 671 Jon Martinek; 669 Jone Uriak; eta 600 puntu Nahikari Gabilondok. Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan dira epaimahai eta idazkari lanak egin dituzte Joxe Mari Altunak eta Esti Zengotitabengoak.

Bigarren itzulian aritzeko txartela eskuratu du zuzenean Colinak eta Amurrioko saioan oholtzaratuko da berriz ere azaroaren 19an. Gainerako bertsolariek lehen itzuliko beste saioetan gertatzen denaren aiduru egon beharko dute.

Asteazkenean, Irunen

Bigarren finalaurrekoa datorren asteazkenean izango da Irunen, azaroaren 1a jaieguna dela baliatuz; eta handik hiru egunetara, larunbatean, izango da Maule-Lextarren hirugarren hitzordua. Irunerako sarrerak amaitu dira www.bertsosarrerak.eus atarian -hango turismo bulegoan daude azkenak- baina Maule-Lextarrekoak eskuragai daude oraindik aipatutako webgunean.

Txapelketa etxetik jarraitu nahi duenak ere izango du aukera: Bertsoa.eus atariak zuzenean eskainiko du saioa sarean eta ETB4n zuzeneko emankizuna izango da Aitzol Barandiaranen eta Uxue Alberdiren eskutik. Gainera, hurrengo egunean bertsoaldi onenen bilduma izango da entzungai eta ikusgai aipatu webgunean, eta baita Hitzetik Hortzeran ere. Bestalde, gogoratu urriaren 30ean, astelehenez, Aulki-jokoa telebista-programa hasiko dela ETB1en, Lander Garrok zuzendua eta Edurne Azkarate aurkezle duela, Andoni Egañaren parte-hartzearekin.

Sustrai Colinak finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratu du. / Gari Garaialde. XDZ