Seguran eta Leitzan izango dira saioak asteburuan
Segurako Baratze pilotalekuan jokatuko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren final laurdena eta hirugarrena, igandean, Leitzako Udal kiroldegian. Bi saioak 17:00etan hasiko dira. Sarrerak oraindik eskura daitezke internet bidez, www.bertsosarrerak.eus ataritik, gaurko 18:00ak arte. Bestela, saioaren egunean bertan leihatila 15:00etan zabalduko da. Saioa hasi baino ordubete lehenago zabalduko dira ateak, 16:00tan.
Segurakoan, Ander Fuentes Mujika "Itturri", Beñat Iguaran Amondarain, Felix Zubia Olaskoaga, Jon Martin Etxebeste, Nerea Elustondo Plazaola eta Unai Gaztelumendi Arandia dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak, eta Oier Suarez Hernandok aurkeztuko du saioa. Leitzakoan, berriz, Agin Laburu Rezola, Iñaki Apalategi Astigarraga, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Agirre Goia ariko dira bertsotan; kasu honetan, Maider Ansa Zugarramurdik egingo ditu aurkezle lanak.
Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Bertso Eskolen Eguna eta bisita gidatua eta emanaldia Peru-harrin
Asteazkenean iragarri bezala, bi herrietan goizetik izango da zer egina. Seguran Bertso Eskolen Eguna ospatuko da, 12:30ean Elorripe tabernan hasita eta gauera arte luzatuko da festa. Izan ere, txapelketako saioaren ondotik, 20:00etan triki poteoa izango da Julene Otaegik eta Jone Uriak girotuta eta 23:00etan eMePeb5t taldearen kontzertua eskainiko da. Bestalde, Bertsotruk bertso eskolen arteko desfaioen hirugarren edizioa aurkezteko ere baliatuko da eguna.
Igandean, berriz, Harria, maitasun istorioa emanaldia eskainiko du Iñaki Perurenak, 12:00etan, Peru-harrin. Horren aurretik, 10:30ean, bisita gidatua eskainiko du harri-jasotzaileak. Biak ala biak doako emanaldiak dira.