Onuragarria izan liteke txapelketaren formatua Herrialde Katalanetara eramatea?
Galderari erantzun aurretik, Herrialde Katalanetan kantu inprobisatuak izan duen historia eta testuingurua labur azaltzeko baimena eskatuko dizuet.
Desadostasun batzuk egon badira ere, nabarmendu behar da azken urteotan katalanezko glosa, glosar eta glosador hitzak onartu direla Herrialde Katalanetako bertso eta bertsolari kontzeptuak definitzeko; kontuan izan behar da hitz hauek Mallorcan eta Menorcan bakarrik erabiltzen zirela hasiera batean. Tradizio honek behera egin zuen etengabe XX. mendean eta, ondorioz, funtzionaltasuna eta garrantzia soziala galdu zituen; hala ere, aipatutako bi uharteetan oraindik tradizioa ez da inoiz gelditu. 80 eta 90eko hamarkadetan glosa berreskuratzeko lehen ahaleginak egin ziren eta, mende berriarekin batera, belaunaldi-erreleboa, elkartegintza eta mundu osoan erabilitako beste inprobisazio mota batzuk ere ezagutu genituen. Eragin hauek erabakigarriak izan dira Balear Uharteetan glosak izan duen goieneko unea ulertzeko; Valentziako Erkidegoan garapena linealagoa izan da. Azkenik, Katalunia Printzerrian izandako gertakari bat azpimarratu behar da: Ebroko lurraldeetan jotak mantendu ziren, baina lurralde horiek eta Empordà eskualdea alde batera utzita, desagertuta zegoen ia-ia kantu inprobisatua. Tradizioarekin jarraitu baino gehiago, esan daiteke Printzerrian tradizioa berriro asmatu dela.
Kantu inprobisatuaren ezaugarri bereizgarriak ere garrantzitsuak dira. Munduko leku gutxitan gertatzen den moduan, hemen kantua bertsoa baino garrantzitsuagoa da; hori dela eta, glosatzaileak batzuetan glosak xuxurlatzen dizkio abeslariari belarrian. Eta funtsean, ez dago eztabaidarik.
Gauzak horrela, glosaren errealitate soziala eta kulturala ezberdinak dira, baita funtzionaltasuna eta transbertsalitatea ere. Hau da geure buruari egin diogun galderari erantzuteko aurkituko dugun lehen oztopoa. Hala ere, urteak pasa ahala, homogeneizatu egin da glosaren tradizioa Herrialde Katalanetan, eta lurraldeen artean egiten diren trukeek, batez ere Katalunia eta uharteen arteko trukeek, glosatzaileen moldaerraztasuna indartu dute. Esate baterako, urtero antolatzen diren 12 hores de glosa bezalako proiektu ibiltariek tradizioa sustatzen dute.
Bertsolaritzak eta txapelketek glosan izan duten eragina agerikoa da. 2003an lehiaketaren formatua hartu zuen lehen topaketa antolatu zen Espollan. Urtero, lehiaketa horren irabazlea nyacra abestien erregea izaten da; eta jakin badakigu, lehiatzeak mendekotasuna sortzen duela. Kantu inprobisatua lurraldean indarberritu ahala, ospetsuagoa egin da Espollako topaketa. Gehiegi sakondu edo hausnartu gabe, baina esan daiteke Espollako topaketa dela txapelketara gehien hurbiltzen den ekimena. Agian inflexio-puntua da hau, eta bi aukera ditugu: Espollako topaketa egituratu, edo denborarekin gara dadin utzi.
Menorcan, duela 4 urte, lehen Migjorn glosa txapelketa antolatu zen. Egun osokoa da eta, azkenekoetan, irabazlea izendatzen da. Hala ere, garrantzitsuena giro ona eta guztion gozamena da, lehiaketa bera baino gehiago. Mallorcan ere, glosa txapelketa batzuk eskaini zituzten telebistan duela urte batzuk, baina emateari utzi zioten gerora.
Nire ustez, une erabakigarria bizitzen ari gara lurralde guztietan: batzuek beste batzuk kutsatzen dituzte, elkarrengandik ikasten dugu, elkarrekin huts egiten dugu, elkarrekin egiten dugu aurrera eta elkarrekin egiten diegu aurre etorkizuneko erronka guztiei. Glosa berpizteko unean, Kataluniak, Menorcak, Valentziako Erkidegoak eta Mallorcak behar ezberdinak dituzte eta, ondorioz, partekatzen eta lotzen gaituen guztia baliatu behar dugu. Txapelketaren formatua lagungarria izan daiteke glosa zabaltzeko eta ospetsua egiteko unean, baina, nire ustez, glosatzaileen eta publikoaren dimentsio soziala handitu behar dugu, kantitateari zein kalitateari dagokionez. Gaur egun, ez dut uste gure inprobisazioak Herrialde Katalanetan txapelketa bat antolatzeko eta horrek dakartzan zailtasunei eta arriskuei aurre egiteko heldutasunik duenik.
Bertsolaritzak egindako bideari erreparatzea lagungarria izango da gure bidea sumatzeko. Utz diezaiogun etorkizunari gu glosak egiten harrapatzen, gatazka konpontzeko biderik onena baita.