Oihana Iguaran irabazle, Leitzako saioan
Asteburu honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiak bi final laurden izanagatik ere, gaurkoan ere bertsozale ugari hurbildu da txapelketaren hirugarren saiora. 1.200 ikus-entzule inguruk jarraitu dute Oihana Iguaran, Julio Soto, Agin Laburu, Oihana Bartra, Unai Agirre eta Iñaki Apalategi bertsolarien jarduna, Maider Ansak gidatuta.
Orden horretan aritu dira eginbeharreko lanak betetzen –binaka hiruna bertso zortziko handian; binaka hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lana-. Gaurko azken bakarkako gairako Maider Ansak aurkeztutakoa, hauxe: "Zure giltza sortatik, giltza ateratzen ari zara". Udaleko bere kargua uzten ari denaren paperetik aritu da Iguaran; bikotekidearekin harremana eten berri duenaren gisan Soto; gurasoen etxetik doanaren larruan jarri da Laburu; sosik gabe etxera itzultzen denaren ahotik, aitzitik, Bartra; eta etxerik gabe geratu direnen gorputzetik Agirre eta Apalategi.
Puntuazio osoa zenbatuta, Ansak eman du gaurko sailkapenaren berri: Oihana Iguaranek lortu ditu puntu gehien Leitzako saioan: 714, hain zuzen. Haren ondotik, hauxe izan da puntuazioa: 686 Agin Laburuk, 685 Iñaki Apalategik, 678,5 Julio Sotok, 674,5 Unai Agirrek, eta 619,5 Oihana Bartrak.
Eneko Bidegainek, Maite Sukiak, Jurgi Fuentesek, Karlos Ibargurenek, Jon Abrilek, Aitor Jimenezek eta Iñaki Aurrekoetxeak osatu dute epaimahaia eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Ane Errazkin.
Honenbestez, Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan izango da Oihana Iguaran; Aitor Mendiluze izango du bertsokide, oraindik zehazteke dauden beste lau bertsolarirekin batera.
Leitzako Udalak eta Leitzako bertso eskolak emandako babesa eskertu ditu Bertsozale Elkarteak, hala nola, elkartearen urte osoko jarduera babesten duten erakundeak eta hedabide laguntzaileak.
Final laurdenak, erdi bidean
Hiru final laurden jokatuta, beste hiru daude jokatzeke. Zallan eta Zumaian izango dira hurrengo hitzorduak eta www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke sarrerak.
Alaia Martin, Jon Martin eta Oihana Iguaran izango dira finalaurrekoetan kantuan, aurrez sailkatuta zeuden Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio bertsolariekin batera. Gainerako parte-hartzaileak datozen asteetan ezagutuko ditugu.
Saiokako puntuazioak, gaiak eta sailkapen orokorra ikusgai dituzue txapelketaren atarian bertan.