Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Odolik gabe: izerdia eta bertsoak

2018/01/11
"Bertsolariek beren armarik onenak erabiltzen dituzte, hau da, erretorika, estilo-baliabideak eta hizkuntzarik politena eta sakonena. Helburua, bat-bateko bertso hori betiko bihurtzea eta bat-bateko une horretatik haratago eramatea da, haizeak eraman ez dezan, freestylean gertatzen den moduan." Endika Gutierrez "Invert" freestyleko raperoaren begietatik, finalaren inguruko gogoeta.

[JATORRIZKOA, GAZTELERAZ]

Han bizi izandako zirrara ezingo nuke inoiz zehatz-mehatz definitu. Finalean ikusle gisa bizi izan nuena inoiz ez dut parte-hartzaile gisa sentitu, ezta nazioarteko txapelketa batean parte hartu dudanean ere.

Ekitaldian jendeak erakusten duen errespetua liluragarria da: bertaratutako guztiak eserita daude, batek ere ez du hitz egiten, mugikorren soinurik ere ez... Inprobisazioa jaun eta jabe da, inprobisazioak ezartzen ditu arauak egun osoan, eta publikoak arau horiek onartu egiten ditu, bertsorik onenek beteko duten egunaz gozatzeko, lau urte barru arte ez baita errepikatuko ikuskizuna.

Nire lana freestyle edo rap inprobisatua da. Bertsolaritzarekin alderatuta, hizkuntza berbera partekatzen dugu, hau da, gai baten inguruan bat-batean inprobisatzeko gaitasuna. Funtsari helduz, bertsolariek ahotsa besterik ez dute eta 30 segundo dituzte pentsatzeko. Geuk, berriz, raparen erritmoa dugu laguntzeko (90 pultsazio minutuko), baina ez dugu pentsatzeko astirik.

Ez hobea, ez txarragoa; desberdina da. Rap-kantariek dugun egoa eta neurtzeko makila alde batera utzita, agerikoa da asko ikas dezakegula elkarrengandik. Esaldiak osatzeko unean, kalitateak izugarri harritu ninduen: mamitsua zen dena, ideiak maisutasunez lotzen zituzten, ez zuten makulu-hitzik erabiltzen, hizkuntza dotorea zen eta historia ezin hobeak asmatzen zituzten, gaiari helduz eta sarrera, garapena eta amaiera garatuz. Hunkigarria.

Hasiera batean, inbidia on hori sentitu nuen: izugarri gustatuko litzaidake horrelako batean parte hartzea. Nire arloan, inprobisatzen dugunean, beste gauza batzuk hartzen ditugu kontuan, hala nola punchline deitzen duguna; bertsolaritzan, punchline elementuaren analogoa estrofa ixteko erabiltzen duten azken efektu magiko hori izango litzateke.

Guk ez ditugu zaintzen bertsolariek oinarritzat jotzen dituzten alderdi batzuk eta, hori dela eta, asko ikasi nuen finalean, ordu gutxitan. Ikasitakoa oso lagungarria izango zait lanbiderako, baina baita pertsonalki ere, izan ere, Maialen Lujanbiok, agertokitik jaisten denean ere, Maialen Lujanbio izaten jarraitzen baitu; nire kasuan, berriz, Invert agertokitik jaisten denean, Endika bihurtzen da.

Geuk, raperook, ahozko guduei ekiten diegu agertokian eta lehiakidea makurrarazten saiatzen gara; edozertaz baliatzen gara gure lehiakideak izan dezakeen ospe ona zikintzeko. Egia esan, batzuetan gordinegi jokatu ohi dugu eta lehiakideari min egin izan diogu. Baina bertsolariek ez dute horrelakorik egiten: izaera ez da batere aldatzen, aurpegia bera dute, ez diote lehiakideari irainik egiten eta ez dute lehiakidearen izena zikintzen. Bertsolariek beren armarik onenak erabiltzen dituzte, hau da, erretorika, estilo-baliabideak eta hizkuntzarik politena eta sakonena. Helburua, bat-bateko bertso hori betiko bihurtzea eta bat-bateko une horretatik haratago eramatea da, haizeak eraman ez dezan, freestylean gertatzen den moduan.

Finalean, zur eta lur utzi ninduen azken uneak: irabazle izendatu zuten Maialen eta haren aurpegiera ez zen kasik aldatu. Pozik zegoen, baina ozta-ozta ospatu zuen; aurpegierak bere horretan jarraitzen zuen, dotore eta serio, aldi berean. Ezin nuen sinetsi. Gure kasuan, lehiaketa irabaziz gero, erraldoia da zirrara eta pozarren egiten dugu jauzi. Neuk neure burua lurrera bota nuen eta, zirrararen eraginez, negar eta guzti egin nuen, baina bertsolariak lasai daude eta neurriz jokatzen dute, aldartea askatzeko keinurik ere egin gabe. Ondo ezagutzen dut neuk sentsazio hori. Une horietan duzun presioa neurtezina da: urte osoa ematen dugu lehiaketa prestatzen eta emaitza egun horren mende dago. Irabaziz gero, lehertu egiten gara zirrararen eraginez.

Izugarri poztu ninduen freestyle arloan orain arte ikusi ez dudana ikusteak: emakume batek irabazi zuen. Gure arloan neska gutxi animatzen dira lehiaketetan parte hartzera eta, hori dela eta, izugarri poztu ninduen neska bat irabazlea atera izanak. Espero dut rap arloan ere hori laster ikusi ahal izatea.

Bertaratutakoen kopuruak ere aho bete hortz utzi ninduen. Harrigarria da, eta horregatik egin nahi dut konparaketa. Ozen esan behar da: 15.000 LAGUN INGURU joan ziren! Kontuan izan behar da EUSKAL HERRIAZ ari garela eta hizkuntzaren egoerak asko baldintzatzen duela ekitaldira hurbilduko den publikoa. Harrigarria da tradizio honek bere horretan jarraitzea, eta halako oihartzuna eta profesionaltasuna izaten jarraitzea. Konpara dezagun ekitaldi hau freestyle arloko 2014ko finalarekin, hots, neuk irabazi nuenarekin: 23.000 lagun bildu ziren. Iberiar penintsula osoko jendea joan zela kontuan hartuta, kopuru hutsala da. Proportzioari erreparatzen badiogu, rap-kantariek gol askogatik galtzen dugu.

Ikusleen zein parte-hartzaileen batez besteko adina ere azpimarratzeko modukoa da. Bertsozaleen batez besteko adina gure oilar-borrokak ikustera etortzen direnen batezbesteko adina baino altuagoa da. Niri, adibidez, El abuelo edo aitona ezizena jarri izan didate, eta 33 urte besterik ez ditut. Oso polita izan da jende nagusia ikustea lehiakideen eta ikusleen artean, bertsoen egituraz eta edukiaz gozatzen ari zirela, itsuskeriarik gabe.

Ez dut hip hop mundua gutxietsi nahi. Lehiaketari dagokionez, gauza batzuk aldatu nahi ditugu, beste gauza batzuei garrantzia emateko, batez ere, kontu garrantzitsuenari: nahiz eta inprobisatua izan, egindakoak luzaroan iraun behar du. Gure aiton-amonak ikusleen artean gu animatzen ikusten ditugunean, gauzak ondo egiten ari garen seinaletzat hartuko dugu. Gaur egun, batez ere, nerabeak etortzen dira gu ikustera, baita haien gurasoak ere, baina azken hauek seme-alabek beren kabuz etortzeko beharrezkoa den adina ez dutelako etortzen dira askotan. Ondo baino hobeto legoke familia osoa gurera ere etortzea.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet zortzi parte-hartzaileei, joan den igandean egin zutena artelan inprobisatu bat izan zelako. Eskerrik asko, berriz ere, aukera profesional asko zabaldu dizkidatelako rap arloan, etorkizunari begira. Eta, nola ez, eskerrik asko hizkuntzaren aldeko zirrara sustatzeagatik eta euskaltegira itzultzeko gogoa berpizteagatik. Neure buruari ezarri nion baina bidean utzi nuen jomuga horri berriro heldu nahi diot, hots, euskaraz ere inprobisatzeari.

Bertsolariak, lau urte barru elkar ikusiko dugu!