Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Miren Amurizak lortu du Zallan finalaurrekorako txartela

2017/10/07
650 bertsozale inguru bildu dira Zallako Mimetiz pilotalekuan.

Kanpoan ere giro bikaina egin arren, 650 bertsozale inguruk Zallako Mimetiz pilotalekuko giroa lehenetsi dute Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren final laurdena jarraitzeko: Idoia Anzorandiak gidatuta, oholtza gainean aritu dira gaur Miren Amuriza, Eneko Abasolo "Abarkas", Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihane Perea eta Odei Barroso, zozketak erabakitako ordenean. Zallako Udalari eta Anitz bertso eskolari eskerrak eman nahi izan dizkio Bertsozale Elkarteak saioaren antolaketak emandako laguntzagatik.

Final laurdenetan zehaztutako ariketak egin dituzte parte hartzaileek: binaka aritu dira lehenik zortziko handian eta txikian gero; puntu-erantzunetan aritu dira ondoren; berriro ere binaka hamarreko txikian jarraian; eta, azkenik, kartzelako gaiari heldu diote: "Jendea harri eta zur utziko lukeen argazkia atera berri duzu; zalantzan zaude gorde ala zabaldu". Amurizak bere buruari argazkia atera dion emakume helduaren ahotik aritu da; Abasolok,"Abarkas"ek, Artur Masi atera dio argazkia bozkalekuan bere aukera egiten ari zela; Enbeitak Kataluniara begira negarrez harrapatu du kamerarekin Urkullu; Uriak ere begirada Bartzelonan jarri du, baina abuztuan jazotako erasoak utzitako argazkiaz aritu da; Pereak biluztu den bertsolariari atera dio irudia; eta, Barrosok errefuxiatuen errealitatea argazkian bildu duenaren larrutik kantatu du.

Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu dira epaile lanetan, eta Miren Itziar Basterretxeak eta Joxe Mari Altunak egin dituzte idazkari lanak. Kartzelakoaren ondotik Anzorandiak eman du saioko sailkapenaren berri: 700,5 puntu eskuratu ditu Miren Amurizak eta honenbestez Zallako saioa irabazita, finalaurrekoetan abesteko zuzeneko txartela lortu du; hain zuzen, Durangoko saioan abestuko du azaroaren 12an, saio horretarako zehaztuta dauden Aitor Mendiluzerekin eta Oihana Iguaranekin batera. Beste bost bertsolariei dagokionez, hauexek izan dira lortu dituzten puntuak: Jone Uriak 662; Odei Barrosok 650; Onintza Enbeitak 640,5; Eneko Abasolo "Abarkas"ek 615,5; eta, Oihane Pereak 591,5.

Bihar, Zumaian

Zumaiako Aitzurin izango da saioa, 17:00etatik aurrera, igandean. Arkaitz Oiartzabal "Xamoa", Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal izango da oholtzara igoko den seikotea. Marta Ugartek gidatuko du saioa.

Sarrera guztiak amaituta egonik, ez da leihatilik zabalduko; ateak 16:00tan zabalduko dira ohi bezala.

Gogoan izan final laurdenak zuzenean jarraitzeko aukera eskaintzen duela Bertsoa.eus atariak. Bestalde, Zallako bertsoaldien hautaketa entzungai izango da sareko plazan bihar bertan, eta ETB1eko Hitzetik Hortzera telebista saioak ere eskainiko du Zallako bertso bilduma, 15:00etatik aurrera.

Informazio gehiago, www.bertsozale.eus atarian.

Miren Amuriza kantuan, atzean Eneko Abasolo "Abarkas" eta Onintza Enbeita dituela. / Argazkilaria: Alberto Elosegi - Iturria: XDZ