Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Maialen Lujanbio nagusi, Irunen

2017/11/01
2.200 zaletik gora bildu da Artaleku kiroldegian. Hurrengo finalaurrekoa Maule-Lextarren izango da larunbatean bertan.

Alde banatako harmailak eta haien arteko pista lepo, 2.200 lagun baino gehiagok jarraitu dute gaur Irungo saioa. Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa jokatu da gaur Artaleku kiroldegian. Maialen Lujanbiok eskuratu ditu puntu gehien eta hala hernaniarra zuzenean sailkatu da azaroaren 26an izango den Donibane Lohizuneko saiorako, finalaurrekoen bigarren itzulian. Gainerakoek Durangoko saioa amaitu arte itxaron beharko dute puntuazioaren arabera sailkatu ote diren jakiteko.

Santu guztien egunean asko izan dira bertso-plana aukeratu dutenak eta hala 15:30erako jende andana bildu da Artaleku kiroldegiko atarian. Sarrerak aurrez salduta egonik, ez da leihatilik zabaldu, baina aretora sartu gabe geratu denak ere izan du saioa jarraitzeko aukera: ETB4k emankizun berezia eskaini du zuzenean Aitzol Barandiaranen eta Uxue Alberdiren eskutik, eta www.bertsoa.eus atariak ere eskaini du saioa internetez.

Maite Berriozabalek gidatu du saioa. Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Unai Agirre, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi eta Alaia Martin izan ditu lagun oholtza gainean. Zortziko handian eta txikian aritu dira binaka, puntu-erantzunetan gero, seiko motzean eta azkenik, kartelako lana egin dute bertsolariek. "Dena ondo zihoan, argia piztu den arte" izan dute gaur gaitzat.

Honakoa izan da gaurko saioaren sailkapena: 750 puntu lortu ditu Maialen Lujanbiok; 705 Aitor Sarriegik; 667,5 Unai Agirrek; 651 Alaia Martinek; 634,5 Maddalen Arzallusek; eta 605 Aimar Karrikak.  Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan dira gaur epaimahaian eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Gorka Segurola.

Irungo Udala eta Irunabar bertso eskola eskertu ditu Bertsozale Elkarteak, saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.

Larunbatean, Maule-Lextarren

Azaroaren 4an Zuberoara iritsiko da aurtengo txapelketa: Maule-Lextarren jokatuko da hirugarren finalaurrekoa. Sarrerak oraindik eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian ostiraleko 18:00ak arte, eta aurrez amaitzen ez badira, leihatila ere zabalduko da egunean bertan 15:00etan.

Maialen Lujanbio, Artaleku kiroldegian bildutakoak adi daudela. / Gari Garaialde - XDZ