Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Lehen finalaurrekoa izango da bihar Bastidan

2017/10/27
Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian gaur 18:00ak arte eta aurrez bukatzen ez badira, bihar 15:00etan zabalduko da leihatila.

Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere bideari berrekingo dio asteburu honetan. Final laurdenak amaituta, finalaurrekoekin hasiko da txapelketa eta lehen saioa Bastidan izango da bihar.

Agin LaburuIgor ElortzaJon MartinJone UriaNahikari Gabilondo eta Sustrai Colina dira larunbatean oholtzara igoko diren bertsolariak. Aurkezlea, berriz, Inazio Usarralde izango da. Saioa 17:00etan hasiko da, herriko udal kiroldegian.

Bastidako saiorako sarrerak gaur 18:00ak arte egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bastidan bertan ere sarrerak aurrez erosteko aukera dago, turismo bulegoan zein tabako dendan. Sarrerak aurrez bukatzen ez badira, egunean bertan leihatilan ere egongo dira eskuragai: 15:00etan zabalduko da leihatila, eta aretoa, 15:30ean.

Fase aldaketarekin, bertsolarien eginbeharrak ere aldatu egingo dira. Honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren bueltako finalaurrekora. 

Kantu poteoa, emanaldia eta upategietara bisita

Saioaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Bastidako Udalak. Horrela, gaur kantu poteoa egingo da, 20:00etan herriko plazatik hasita.

Bihar goizetik beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, 12:00etan herriko plazan Plaza irrintzika emanaldia eskainiko du Eneko Arrate bertsolariak. Horrez gain, ordu berean, inguruko hainbat upategi bisitatu ahalko dituzte Bastidara hurbiltzen diren bertsozaleek; hain zuzen, Tierra, Mitarte, Solaguen, Aimarez, Gontes eta Remelluri upategietara joan ahal izango dira. Horretarako, saioaren egun berean herriko turismo bulegoan eman behar da izena; bisitak 3 euroko prezio berezia du.

Zuzeneko jarraipena ETB4n

Finalaurreko saioak zuzenean eskainiko dira ETB4n. Hala, 16:50etik aurrera, Aitzol Barandiaranek eta Manex Agirrek kontatuko digute Bastidan gertatzen den guztia. Bestalde, ohi bezala, www.bertsoa.eus atarian ere eskainiko da saioa eta hurrengo egunean atari horretan bertan zein ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan eskainiko dira bertsoaldi onenak.

 

 

Bastidan oholtzaratuko den seikotea.