Larunbatean abiatuko da Bastidan finalaurrekoetako lehen itzulia
Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina dira larunbatean oholtzara igoko diren bertsolariak. Aurkezlea, berriz, Inazio Usarralde izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa da Bastidakoa. Saioa 17:00etan hasiko da, herriko udal kiroldegian.
Bastidako saiorako sarrerak ostiraleko 18:00ak arte egongo dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bastidan bertan ere sarrerak aurrez erosteko aukera dago, turismo bulegoan eta tabako dendan. Larunbatean leihatila 15:00etan zabalduko da eta aretoko ateak, berriz, 15:30an.
Honako lana egin beharko dute bertsolariek:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren bueltako finalaurrekora. Bastidakoaren ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Irun, Maule-Lextarre eta Durango. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailatuko diren 18 bertsolariak. Amurrio, Donibane Lohizune eta Iruñean izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.
Ostiraletik hasita, ekimen osagarriak Bastidan
Saioaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Bastidako Udalak. Horrela, saioaren bezperan, hilaren 27an, kantu poteoa egingo da, iluntzeko 20:00etan herriko plazatik hasita.
Larunbat berean, goizetik beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, 12:00etan herriko plazan Plaza irrintzika emanaldia eskainiko du Eneko Arrate bertsolariak. Horrez gain, 12:00etan inguruko hainbat upategi bisitatu ahalko dituzte Bastidara hurbiltzen diren bertsozaleek. Hain zuzen, Tierra, Mitarte, Solaguen, Aimarez, Gontes eta Remelluri upategiak izango dira bisitatzen ahalko direnak. Horretarako, saioaren egun berean herriko turismo bulegoan eman behar da izena. Bisitak 3 euroko prezio berezia du.