Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Jon Martinek eskuratu du finalaurrekoetarako bigarren txartela

2017/09/30
Hala, urriaren 28an Bastidan izango den lehen finalaurreko saiorako sailkatu da zuzenean. 700 bertsozaletik gora bildu da Segurako Baratze pilotalekuan eta oraindik, Segurak, bertsolaritzaren topagune izaten jarraitzen du eguna amaitu arte, Bertso Eskolen Egunari esker.

Ateak 16:00tan zabaldu direnetik, Baratze pilotalekuko eserlekuak aterpe eta bertso gosez ziren bertsozalez bete da: 700 ikus-entzuletik gora bildu dira gaurkoan Seguran, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren final laurdena jarraitzeko. Oier Suarezek egin ditu aurkezle lanak eta bertsotan honako hurrenkeran aritu dira, zozketak hala erabakita, Unai Gaztelumendi, Nerea Elustondo, Felix Zubia, Ander Fuentes "Itturri", Jon Martin eta Beñat Iguaran.

Final laurdenetan zehaztutako lanak bete dituzte bertsolariek - binaka, hiruna bertso zortziko handian lehenik eta zortziko txikian gero; banaka, lehen puntua emanda, zortziko txikian; berriro ere binaka hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lana. Azken lan horretan, honako gaia aurkeztu die Oier Suarezek: "Prentsaurrekoa ematen ari zara. Galderen tartean, azken galdera bat egin dizute. Erantzun gabe, egin duzu alde". Unai Gaztelumendik eta Nerea Elustondok futbola izan dute hizpide; Felix Zubiak eta Ander Fuentes "Itturri"k Kataluniako erreferendumari eskaini diote kartzelakoa; Jon Martinek txapelketan nahi baino okerrago aritu den bertsolariaren gorputzetik aritu da; eta, Beñat Iguaran Mikel Goñiren larrutik aritu da. Kartzelakoa amaituta, azken puntuak banatu ditu epaimahaiak: Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu dira horretan. Gorka Segurolak eta Joxe Mari Altunak egin dituzte idazkari lanak.

Puntuazioa zenbatuta, Oier Suarezek jakinarazi du epaimahaiaren ebazpena: Jon Martinek lortu du zuzenean finalaurrekoetan aritzeko txartela. Hala, lehen finalaurrekoan kantatuko du Bastidan, urriaren 28an. Saio horrek jada baditu beste bi bertsolari zehaztuta: Igor Elortza eta Sustrai Colina. 673,5 puntu lortu ditu Jon Martinek; 665,5 Nerea Elustondok; 655,5 Beñat Iguaranek; 629,5 Ander Fuentes "Itturri"k; 620 Unai Gaztelumendik; eta 594 Felix Zubiak.

Egunak, ordea, ez du etenik oraingoz: Bertso Eskolen Eguna ospatu da gaur Seguran eta 12:30etik hasita festan daude bertso eskoletako kideak. 20:00etan triki poteoa izango da Julene Otaegiren eta Jone Uriaren eskutik eta 23:00etan eMePeb5t taldearen kontzertua izango da.

Saioari loturiko puntuazioak -orokorrak zein gaikakoak- eta gaitegia, atari honetan bertan topa ditzakezue.

Bihar, Leitzan

Leitzako Udal kiroldegian izango da hurrengo hitzordua bihar bertan, 17:00etatik aurrera: Agin Laburu Rezola, Iñaki Apalategi Astigarraga, Julio Soto Ezkurdia, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Agirre Goia ariko dira oholtza gainean, Maider Ansa Zugarramurdi aurkezle eta gai jartzailearen esanetara.

Laster ikusiko dugu elkar.

Jon Martin, gaur, Segurako saioan / Argazkilaria: Alberto Elosegi - Iturria: XDZ