Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Iruñean jokatuko da larunbatean azken finalaurrekoa

2017/11/29
Bertsolari Txapelketa Nagusiko zazpigarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da larunbatean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Horren ostean abenduaren 17ko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak zeintzuk izango diren jakingo da. Sarrera guztiak amaituta, larunbatean ez da lehiatila irekiko. Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan dago Iruñeko finalaurrekoa.

Sei bertsolari dira larunbatean Anaitasunako oholtzara igoko direnak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Alaitz Rekondo izango da saioko aurkezlea. Azken finalaurrekoa izanik, Iruñean jakingo da azken sailkapena zein den eta zeintzuk izango diren BECeko finalerako sailkatuko diren zazpi bertsolariak. Amets Arzallus egungo txapelduna zuzenean dago finalerako sailkatua.

Saiorako sarrera guztiak pasa den astean amaitu ziren. Hortaz, bete egingo da Anaitasuna eta larunbatean ez da leihatila irekiko. Saio 17:00etan hasiko da eta aretoko ateak 15:30ean zabalduko dira.

Finalaurrekoa zuzenean jarraitu ahal izango da Aitzol Barandiaranek gidatuta eta Uxue Alberdiren iruzkinek lagunduta ETB4n zein Bertsoa.eus atarian, 16:55etik aurrera.

Iruñeko Udalak, Euskarabideak eta Iruñerriko bertso eskolek ezinbesteko laguntza eman dute Iruñeko finalaurrekoa antolatzeko orduan.

Hain zuzen ere, Euskarabideak eta Iruñeko Udalak Euskararen Egunerako prestatu duten egitarauaren barruan sartuta dago Bertsolari Txapelketa Nagusiko Iruñeko finalaurrekoa. Egun horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte bi erakundeok eta, besteak beste, finalaurrekoaren ostean Esne Beltza eta Trikidantz taldeen kontzertua izango da, Iruñeko Antoniutti parkean 23:00etatik aurrera.

 

Iruñeko saioan parte hartuko duten sei bertsolariak.