Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Ikerketa soziologikoa egiten ari gara Bertsolari Txapelketa Nagusian

2017/10/26
Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUk ikerketa abiatu dute Txapelketa Nagusiaren bertsozalearen profila zein den aztertzeko. Txapelketan dabilen bertsozalea nolakoa den jakin nahi da, zer pentsatzen duen txapelketari buruz eta, oro har, bertsolaritzari buruz. Datu hauek garrantzi handia dute bertsolaritzaren etorkizuneko pausoak diseinatzeko orduan.

Karlos Aizpurua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduradunak eman dizkigu gaiaren inguruko azalpenak: "Ikerketa zabala eta sakona bideratu genuen iaz Mintzolatik, bertsolaritzan diskurtso propioa edo berezitua duten bertsozaleak elkarrizketatuta eta Euskal Herri osoko plazetako 600 entzuleri galdetuta", azaldu du. Oraingo hau, ostera, txapelketari dagokion zatia izango da. "Informazio hori garrantzizkoa da bertsolaritzaren sustapenean, transmisioan, eta ikerkuntzan hurrengo urteetarako diseinatuko den estrategiarako; argibideak emango dizkigu, bertsolaritza bera, dela bertsogintza mugimendu gisa, hobeto gara dadin".

1994an eta 2006an ere egin ziren eite bereko aurreko ikerketak. "Ordukoak baliagarriak izan dira bertsolaritzaren garapen estrategian asmatzeko", esan du Aizpuruak, "eta ez hori bakarrik, denboran zeharreko tendentzia edo bilakaera nolakoa izan den ikusteko ere balio dute", gaineratu du. 

Saioz saio, inkestatzaileak

Ikerketa soziologikoaren sukalde lan eta koordinazioan Mintzolatik ari dira; baina landa lana egiteko lantaldea osatu dute. Bertsozale Elkartearen bidez egin zen deia, borondatezko lagunak behar zirela esanez. "Oso pozik gaude erantzunarekin, 14 gazteko talde ederra osatu baita, bertso eskoletan dabiltzanak gehienak", dio Aizpuruak, "horrek erakusten du oraindik ere Bertsozale Elkartearen oinarrietako bat, militantziarena, sendoa dela" gaineratu du. Saio bakoitzean 6-7 inkestatzaile ari dira, finalean gehiago, eta bakoitzak lauzpabost inkesta egiten ditu, saioa hasi baino lehen. Inkestako galdetegia bera elkarteko sailetatik eta herrialdeetatik jasotako ekarpenekin osatu eta eguneratu da, 2006ko emaitzak oinarri hartuta.

Borondatezko inkestatzaileez gain, ikerketak laguntza teknikoa ere izango du. "EHUren aldetik asko estimatzen dugun laguntza teknikoa dugu, Harkaitz Zubiri ikertzailearen eskutik", azaldu du Aizpuruak. "Arlo teknikoan lagunduko digu, baita analisian ere". Aipatu behar da Mikel Laboa Katedrak ere babestuko duela ikerketa.

Soziologikoki, pisu handia

Aipatu moduan, UPV/EHUko Harkaitz Zubiri ikertzaileak arlo teknikoan laguntzen ari da, eta bere ustez ikerketak ikuspuntu soziologikotik pisu handia dauka. Guztira, ia 3.500 inkesta egingo dira, 32 elkarrizketa, 3 eztabaida talde, eta delphi bat 27 partaiderekin. "Guk 2005eko Txapelketa Nagusian hasi genuen ikerketa, bosteko talde batek -Xabier Aierdik, Alfredo Retortillok, Juan Aldazek, Eider Alkortak eta Harkaitz Zubirik berak-, eta orduan ikasi genuenetik abiatu da azken ikerketa", azaldu du.

Horrelako ikerketek garrantzia handia daukatela azpimarratu nahi izan du Zubirik: "Ez da ohikoa kultur elkarte batek ikerketarako ekimen hain handiak gauzatzea. Gaur egun, gizarte informazionalean inoiz baino gehiago, informazioa oso baliagarria da; ea ikerketa honetatik datu baliagarriak ateratzea lortzen dugun".

Saioetara zoaztenean, beraz, han ikusiko dituzue inkestatzaileak. Eta bertsozaleok galdetegiak erantzutera animatu nahi zaituztegu, bertsolaritzari etorkizuneko pausoak ematen laguntzeko.

 

Saio guztietan inkestak egiten ari da borondatezkoen talde bat.