Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Igor Elortza, lehena Donibane Lohizunen

2017/11/26
710 puntu eskuratu ditu Durangokoak gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiaren baitan jokatu den finalaurrekoan. Iruñeko saioa baino ez da geratzen Barakaldon izango diren finalistak ezagutzeko.

Donibane Lohizunek hartu du gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko azkenaurreko finalaurrekoa. Ohi bezala, 17:00etan hasi da saioa eta 15:30ean ateak zabaldu bezain pronto Jai Alaia bertsozalez bete da; guztira, 2.280 bertsozale elkartu dira pilotalekuan. Gainerako zaleek Bertsoa.eus eta ETB4n jarraitu behar izan dute finalaurrekoa, ostiralean amaitu baitziren sarrera guztiak.

Zozketak agindutako hurrenkeran oholtzaratu dira Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Jone Uria, Julio Soto, Iñaki Apalategi eta Agin Laburu. Fernando Anbustegik egin ditu gidari lanak saioan zehar: binaka gaia emanda zortziko handian jarri ditu bertsolariak lehendabizi, zortziko txikian gero, puntutan aritu dira ondoren eta hamarreko txikiko ofizioak egin dio bide amaierako kartzelako lanari: "Gezurra esan duzu baina merezi izan du".

Igor Elortzak eskuratu ditu puntu gehien; 710 lortu ditu guztira durangarrak. Jarraian honela geratu da sailkapena: 707,5 puntu eskuratu ditu Maialen Lujanbiok; 671 Julio Sotok; Jone Uriak 668,5 erdietsi ditu; 634,5 Agin Laburuk; eta 633,5 izan dira Iñaki Apalategirentzat. Gaurkoan Joseba Santxo, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren eta Nerea Bruño izan dira epaimahai, eta idazkari lanetan aritu dira Joxe Mari Altuna eta Gorka Segurola.

Gaur eskuratutako puntuak aurreko itzulian lortutakoei batzen zaizkie eta batura hori izango da Barakaldoko finalerako giltza zazpi bertsolarirentzat. Finalaurreko baten faltan, gero eta gutxiago falta da giltza nork izango duen jakiteko. Datorren larunbatean Iruñean jakingo dugu hori.

Bertsoaldi onenak Bertsoa.eus-en eta Hitzetik Hortzeran

Gaur eguerdiko Hitzetik Hortzeran Amurrioko saioko bertsoaldiak eskaini dira eta bihar gauean Donibane Lohizunen bildutakoak emango dira, Aulki-Jokoa telebista saioaren ondotik. Hain zuzen, programa honetan ere gaurko bertsoaldien iruzkinak jasoko dira protagonisten eskutik eta baita Andoni Egañaren iritzia ere; eta noski, eduki ugari izango ditu atal honek ere, 22:30etik aurrera, ETB1en.

Bertsoa.eus atarian ere ikusgai izango dira gaurko bertsoaldiak.

 

 

Igor Elortza, Donibane Lohizunen / Gari Garaialde - XDZ